Albisteak

 

Sestaoko Udalak 40 etxejabe-komunitateri emango die sinbologia frankista duten plakak kentzeko aukera, oraindik bai baitauzkate euren fatxadetan. Hala erabaki du gaur goizean Udalbatza Osoak, Memoria Historikoa arloko Udal Batzordeak eskatuta. Alde agertu dira EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu, Sestao Bai Ahal Da; PP, berriz, abstenitu da.

Plakak Instituto Nacional de la Vivienda eta Ministerio de la Vivienda erakundeenak dira, eta horiek sustatutako eraikinetan ezarri ziren diktadura frankistaren denboran. Gobernu-taldeak esplikatu duenez, datozen asteotan Udalak gutun bana bidaliko die auzokide-komunitate horiei guztiei, plakak dohainik kentzeko duen prestutasunaren berri emateko. Hori bai, jarduketa hori gauzatzeko, auzokideek bilera bat antolatu beharko dute, eta akordio formal bat egin, ikur horiek kentzeko oniritzia emate aldera. Era horretan, Udalak plakak kenduko ditu baimena lortzen duen eraikinetan, eta plakak bere horretan utziko ditu haiek mantentzeko nahia agertzen duten auzokideen eraikinetan.

Instituto Nacional de la Vivienda eta Ministerio de la Vivienda erakundeen plaka horiek detektatu diren higiezinak honako hauek dira: San Diego 12, Zumalakarregi 3 eta 26, Amezaga Bidea 4, Nuestra Señora del Carmen Auzunea (H multzoa), Francisco Llaseras Auzunea 6, Aizpuru 5 eta 12, La Anunciación Auzunea 8, Juan XXIII 1, Fleming Doktorea 2, Bide Nagusia 3 eta 12, Kasko Plaza 3, Balmaseda Kondea Plaza 6, Antonio Trueba 1, 3 eta 9, Juan Tomás de Gandarias 1, 4, 8, 9, 15 eta 23, Santiago Grassa 1 eta 5, Condesa Pardo Bazán 11, Miguel de Cervantes 17, 23 eta 31, Autonomia 7, 9, 13, 15 eta 19, Iberia 8, Sotera de la Mier 8 eta Blas de Otero 1, 3 eta 5.

Sinbologia frankista duten plakak kenduta bete egiten da Memoria Historikoaren Legea, bere 15.1 artikuluan, Gerra Zibilean eta Diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak onartzen eta zabaltzen dituena, eta haien aldeko neurriak ezartzen dituena.