Albisteak

 

Sestaoko Udalak NEBA-NEBA elkartearekin duen hitzarmena berritu du gaur. Hitzartutako zerbitzuaren bidez, orientazio juridikoa eta arreta psikologikoa ematen zaie indarkeria matxistaren edo eraso sexualen biktima izandako emakumeei. Udalerriko alkate Josu Bergarak azaldu duenez, hau da hitzarmen horren berritasun nagusia: arretako egun eta ordu gehiago ematea izurri sozial hori pairatu duten emakumeei.

“Indarkeria matxista gure gizarteak dituen arazo handienetako bat da. Administrazioak gogor egin behar du lan, problema hori errotik kentzeko eta biktimei ahalik eta arreta onena eskaintzeko. NEBA-NEBA elkartearekin izenpetutako hitzarmenari esker, zerbitzua sendotu ez ezik, zabaldu ere egiten dugu, urtean % 20 ordu gehiago eskainiz orientazio juridikoari eta % 65 ordu gehiago arreta psikologikoari. Nire ustez, pauso garrantzitsua da, eta konpromiso sendoa, gaur Sestaoko Udalak mahaira atera duena, gure gertutasuna eta gure adorea sentitzeko premia duen kolektibo baten alde egiteko”, adierazi du udalburuak.

Hitzarmen berriak 2012an sinatutakoa ordezten du, eta indarrean egongo da 2019ko abenduaren 31 arte. Dokumentuak bermatzen du urtean eskainiko direla, gutxienez, orientazioko 120 ordu, aurreko akordioan jasotako 100 orduen aldean, eta 165 ordu arreta psikologiko, lehengo kontratuaren 100 orduekin alderatuta. Horrez gain, arreta hori astean bi egunetik hiru egunera zabalduko da, eta goizeko ordutegia gehituko da, orain arte ez baitzen eskaintzen. Ondorioz, zerbitzua lanegun hauetan emango da: astelehen eta asteazkenak, 18:00 – 20:00; eta ostegunak, 10:00 – 12:00.

Orientazio juridikoa eta arreta psikologikoa Sestaoko Udalaren jabetzapeko lokaletan eskainiko dira; zehazki, erakundeak NEBA-NEBA elkartearen eskura jartzen dituen horietan. Orientazio juridikoa eta arreta psikologikoa jasotzeko, interesa duen emakume bakoitzak hura eskatu beharko du. Eskaera zuzenean egin ahal izango da NEBA-NEBA elkartean edo Sestaoko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan.

Hitzarmenak jasotzen duen beste berritasun bat NEBA-NEBA eta Sestaoko Udalaren artean koordinazio-sistema bat ezartzean datza. Horren bidez, hitzarmenak xede dituen zerbitzuen jarraipen egokia egin ahal izango da, eta protokoloak eta prozedurak bateratuko dira esku-hartzearen metodologian eta informazioa biltzeko tresnetan. Era berean, NEBA-NEBAk jarraituki jakinarazi beharko die Gizarte Zerbitzuei eta Berdintasun arloari zerbitzuaren martxa nola doan.

NEBA-NEBA elkarteak zeregin hori aurrera eraman ahal izan dezan, Berdintasun arloak handitu egingo du hitzarmenari esleitutako diru-hornidura. Hala, urtean, orain arte eman izan diren 15.600 eurotik 21.400 eurora pasa da.

Azken hiru urteetan, guztira 271 emakumek erabili dituzte zerbitzu horiek. Zehazki, arreta psikologikoko zerbitzua 40 emakumek erabili zuten 2013an, 42k 2014an eta 41ek 2015ean. Orientazio juridikoko zerbitzuak, berriz, 42 emakume artatu zituen 2013an, 54 emakume 2014an eta 52 emakume 2015ean.