Albisteak

 

Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen duten Sestao Berri elkarte publikoaren Administrazio Kontseiluak Getxoko Finka Administratzaile baten aurkako kereila kriminala jartzea erabaki du, ustez bidegabeko jabetzea eta administrazio desleiala egiteagatik Sestaoko hogei etxejabeen komunitatetan. Kereila gaur goizean bertan aurkeztu dute Getxoko Epaitegietan, hor baitu bulegoa salaketa jaso duen finka administratzaileak. Finka administratzaileak kontu pertsonaletara ustez egindako desbideratzeak 130.000 eurokoak dira Sestaon eragindako hogei kasuetan.

Kasua argitara eman duen Sestao Berri elkartea kaltetutako etxejabeen komunitateetako presidenteekin bildu da antzemandako irregulartasunak azaltzeko; informazio horren zehaztasun gehiago emango ditu datozen egunotan gai honi buruz auzokideekin egingo diren bileretan.

Bilbo, Getxo, Mungia eta Leioako komunitateetara egindako desbideratzeak
Pasa den ekainaren 12an, zenbait banku-kontutan irregulartasunak antzeman ondoren, Sestao Berrik finka administratzailearekin zuen kontratua etetea erabaki zuen. Etetea notario-errekerimendu bidez egin zen, finka administratzailea baitzen komunitate horietako kontuak kontsultatu eta horietan eragiketak egiteko baimena zuena.

Sestao Berrik hasitako ikerketak agerian jarri ditu kereila jasotzaileak administratutako komunitateen banku-kontuetan egon diren mugimendu irregularrak. Milatik gora banku-apunte berrikusi ondoren argitara atera du aurrez aipatutako fondoak kontu pertsonaletara desbideratu eta baita finka administratzaileak Getxon duen bulegotik Bizkaiko zenbait udalerritan, hala nola, Sestaoz gain Bilbo, Getxo, Mungia edo Leioako etxejabeen komunitateen arteko mugimendu gurutzatuekin egindako eragiketa jarraitua egin izana, guztira 100.000 eurotik gorako kopurukoa. Antza denez, komunitate hauen arteko lotura bakarra pertsona berak administratzen zituela da.

Sestao Berrik finka administratzaile lana bere gain hartzea proposatzen du

Sestao Berri Elkartearen Administrazio Kontseiluak proposatu du elkarteak bera izatea zuzenean kaltetutako etxejabeen komunitateen finka administratzaile lanen arduraduna, eta horretarako gerentea gaitu du Bizkaiko Finka Administratzaileen Kolegio Ofizialaren aurrean. Neurri horrek Sestao Berrik komunitate hauekin duen konpromisoari abala ematen dio, era horretan kasu bakoitzean komunitate bakoitzak aurreikusitako kudeaketa garatu ahal izateko.