Albisteak

 

Sestaoko (Josu Bergara) eta Portugaleteko (Mikel Torres) alkateek eta Barakaldoko (Amaia del Campo) eta Santurtziko (Aintzane Urkijo) alkate andreek bilera bat izan dute La Naval ontziolako Enpresa Batzordearekin, bertatik bertara ezagutzeko ontziolaren egoera, bazkideek, enpresak duen likidezia faltagatik, hartzekodunen konkurtsoa egingo dela jakinarazi ondoren.

Bileraren ostean, Sestaoko alkateak azaldu du lau udaletako ordezkariak Sestaoko ehun urtetik gorako enpresa honek, zorrez gainezka eta betebeharrei aurre egiteko dirurik gabe, duen “egoera konplexuagatik kezkatu daudela", “eskualdeko herritarrak diren langile asko dagoelako”. Honen gainean, Bergarak adierazi duenez “langileen aldeko jarrera irmoa da eta espero dugu prozesu hau berri positiboekin amaitzea”.

Datozen egunotan langileen aldeko zenbait testu landuko dira lau udaletan, hilaren bukaeran egingo diren osoko bilkuretan adierazpen instituzional gisa onartuak izan daitezen. Gai honi buruz, Josu Bergarak adierazi du adierazpen instituzional hauek “lau udaletan ordezkatuta dauden alderdi politiko guztien adostasunez” onartuak izatea nahiko lukeela.

La Naval ontziolako Enpresa Komiteak egindako eskabideari buruz, ontziolako lursailak balizko mugimendu espekulatzaileen aurrean blindatzeko eskabidea alegia, alkatea erabat irmo agertu da: “Argi eta irmo esan nahi dut, inori burutik pasatu bazaio La Naval ontziolako lursailekin negozioa egitea edo espekulatzea, horretarako balizko erabilera aldaketa eginda, ken dezala burutik ideia hori. Udalak ez du planteatu ere egiten.

Bukatzeko, Josu Bergarak konfiantza agertu du, hartzekodunen konkurtsoa egin ondoren irekiko den egoera berriak "kudeaketa zintzoa, profesionala eta burutsua" ekarriko duela, iraganean emandako okerrak errepika ez daitezen eta batez ere La Naval ontziolari enkargatu zaizkion itsasontziak bukatu ahal izateko.