Albisteak

 

Sestaoko Udaleko Obrak eta Herri Bideen Mantentze-lanetako zinegotzi Leire Fernándezek esan du bere arloak 2,5 milioi euro inguruko aurrekontuarekin ekin diola 2019. urteari, baina diruzaintzako soberakinetik datorren kreditua sartuta, 4 milioi euro baino gehiago egongo direla. 

Zinegotziak nabarmendu du aurtengo lehentasuna "auzoetan jardutea" dela, helburu argi batekin: “auzoak modernizatzea, irisgarritasuna hobetzea, eta, azken batean, auzo horietan bizi diren herritarren bizi-kalitatea hobetzea".

Eginkizun hori gauzatzeko, Sailak hainbat lan-multzotan banatu du lana.

Lehenengoa kaleak asfaltatzean datza, garrantzitsua baita herri bideak egoera onean egotea eta ibilgailuak arazorik gabe mugitu ahal izatea.

Udalak, aurten, honako hauek zolatuko ditu:

• Abenduaren 25a kalea, osorik
• Concepción Arenal kalea, osorik
• Ertzaintzaren aparkalekua, osorik.

Hiru lan horiez gain, asfaltatze-lanak ere egingo dituzte tarte txikiagoetan, jarraian adierazitako lekuetan:

• Ametzaga Bidea
• Sotera de la Mier
• San Pedro plazaren ingurua
• Kale Nagusia, 51
• Urbano Ruiz Laorden kalearen sarrera
• Bariega eta Rebonza kaleen artean
• Los Baños kalea, Alfredo Marín eta La Golosina kaleen artean
• Las Llanas zumarkalearen eta Azeta kalearen arteko bidegurutzea
• Las Llanas zumarkalearen eta Doctor Ferrán kalearen arteko bidegurutzea

Bigarren lan-multzoa auzoetan irisgarritasuna hobetzeko obrei ekitea izango da; izan ere, garrantzitsua da aniztasun funtzionala duten pertsonen mugikortasuna bermatzeko eta adinekoei bizitza apur bat erosoagoa egiteko.

Udalak, aurten, bi jarduketa-lan egingo ditu. Lehenengoa, Sotera de la Mier kaleko 14 eta 16 zenbakien parean egingo da; bigarrena, berriz, Ametzaga Bidea eta Manuel Andres kaleen arteko bidegurutzean egingo da.

Hilerrian ere hobekuntzak egingo dira. Kasu honetan, kolunbario berriak eraikiko dira, baita errauts-parkea ere, zendutako pertsonak errausten dituzten familiek "Oroimenaren baso" honetan errautsak utzi ahal izan ditzaten.

Argiteria publikoari dagokionez, aurreikusita dago Galindo Bidea eta Vicente Blasco Ibáñez kaleetan dagoen fatxadako argiteria guztia berritzea. Txabarri kalean beste fase txiki bati ekingo zaio; izan ere, Udalak argiteriaren inguruan duela gutxi egin duen ikuskaritzaren arabera, horixe da gaur egun energia kontsumo handiena duena.

Udalak, era berean, argiteria indartuko du bi txakurguneetan (Las Canteras eta La Benedicta kaleetan), Balmaseda Kondearen plazako haurrentzako jolas-parkean eta Marcos Grijalvo kalea Juan Crisostomo Arriaga kalearekin lotzen dituzten eskaileretan.

2019rako aurrekontuan, 25.000 euroko beste partida bat gorde da horma-irudi berriak margotzeko. Kontuan hartuta ekimenak harrera ona izan duela eta Kerok Sestaoko hainbat lekutan margotutako horma-irudiek kritika onak izan dituztela, Obren Arloak aurten jarraipena emango die. Era berean, artistikoki ere esku hartuko du hormetan, ikastetxeetan eta oraindik zehazteko dauden argi kutxetan.

Haurrentzako jolasguneak berritzeko, 40.000 euro egongo dira. Ekitaldi honi begirako lehentasuna izango da San Pedro plazan kulunka berriak jartzea, jolasgunea estaltzeko lanak amaitu ondoren. 2019rako beste erronka bat izango da gune horretan komun-kabina bat jartzea, plaza udalerriko familiek erabiltzeko moduan uzteko.

Kontuetan, era berean, 25.000 euroko partida bat jasotzen da Markontzaga parkeko bideak konpontzeko.

Azkenik, 2019. urtean egingo diren obra handiak daude. Honako hauek izango dira:

• Alberto Arrúe kalea berriz urbanizatzea, Albiz auzoan.
• Santiago Grassa kalea berriz urbanizatzea, Markontzaga auzoan.
• Azeta kalea berriz urbanizatzea, hilerritik eta Portugaleterekiko mugatik hurbilen dagoen lekuan.
• Elizako parkeko bideak egokitzea, udalerriaren erdigunean.
• Las Llanas zumarkaleari dagokionez, Udalak dirua aurrezten jarraitzen du ekonomikoki esanguratsua izango den obrari ekin ahal izateko. Obra horren kostua 2 milioi eurokoa izango da. 2018ko aurrekontuan, 542.000 euro sartu ziren, eta 2019. urtekoan, 375.000 euro gaineratu dira. Beraz, guztira 917.000 euro daude esleituta. Diruzaintzako soberakinak Gobernu Taldeari mugimendu ekonomikoak egiteko aukera ematen badio, asmoa da obrak lizitazio publikora ateratzea urtea amaitu baino lehen.