Albisteak

 
1969ko ekainaren 28an, Stonewall-en ( New York) gertatutako istiluek aro berri baterako abiapuntua ekarri zuten LGTBI mugimenduan. Hala eta guztiz ere, gaur egun, gizartean gero eta kontzientziazio handiagoa dagoen arren, datuek egiaztatu egiten dute gorroto-diskurtsoen oinarrian diskriminazioa dagoela sexu orientazioagatik edo nortasun sexualagatik. Gauzak horrela, aurten ere, gizartearen zati handi bat elkartu egingo gara mundua bere osotasunean hartzeko, eta aitortu behar dugu begirada horretatik zapore gazi-gozoa geratzen zaigula.
Ezin da zalantzan jarri, horrenbeste borroka- urteren buruan, LGTBI elkartea gero eta ikusgarriago dagoela, gero eta armairu gehiago apurtu dira eta, hori baino garrantzitsuago dena, gero eta armairu gutxiago eraikitzen dira.
Gaurko neska-mutilek gero eta hurbilago eta bermatuago dituzte bakoitza den moduan bizitzeko aukerak; egia da genero eskemek presioa eragiten jarraitzen dutela, baina itolarria ez da orain urte batzuetakoa. Neska mutil horiek esaten digutena entzuten eta aditzen dugu, eta esan behar dutena publikoki eta lehen pertsonan adierazten dute.
Homosexual, transexual, bisexual gazteek… beren sexualitatea askatasun osoz bizitzea erabakitzen dute, mobilizatu egiten dira, eta beren aukera harrotasunez eta dramarik gabe disfrutatzen dute. Historian lehen aldiz, gizon bat (Luxenburgoko lehen ministroaren senarra) beste presidenteen emazteekin agertu da Europako gailurrean, eta argazkia “biral” egin da.
Jakin dakigu LGTBI siglak labur geratzen direla pertsona guztien artean egon daitezkeen sexu orientazio edo identitate eta sexu adierazpen guztiak ordezkatzeko, baina ez dugu hizkiak eranstera mugatu nahi, sigla horiek aniztasun sexualaren eta genero aniztasunaren adierazgarri izatea nahi dugulako, inor kanpoan gera ez dadin. Aniztasun hori den moduan onartuko da eta pertsona guztiak aniztasun horren barruan sartzen dira.
Zoritxarrez, kolektibo honek gaur egun herrialde askotan pairatzen duen diskriminazioaz ere hitz egin behar dugu, horietako askotan kontzentrazio esparruetan “garbiketa prebentiboa” egiten dutelarik. Edo beste hainbatetan ere LGTBI izateak heriotza zigorrera kondenatuta egotea dakar eta hainbatetan ere betirako espetxe zigorra eragin lezake. Horrez gain, hainbat estatutan isunak, derrigorrezko lanak edo deportazioak inposatzen dira. Hurbilago ere halako kasu batzuk baditugu, esate baterako lesbianismoa eta emakume eta gizon transexualen errealitatea ikusgarri egiteak haien aurkako erasoa eragin izan duelarik
Deitoratu behar dugun beste kontu bat da gaur egun transexualitatea buruko desoreken manualetan agertzen dela, besteak beste Osasunaren Munduko Erakundean eta AMPA Amerikako Elkarte Psikiatrikoan, gaixotasun edo desorekatzat jotzeko arrazoirik ez dagoen arren. Eta horrek arazoak baino ez dakartza emakume eta gizon transexualentzat.
Eta hori ez da soilik LGTBI kolektiboari dagokion gauza bat, euskal gizarte osoaren ardurako den zerbait delako. Egia da indarkeria hori kolektibo horren kontra eragiten dela, baina pertsona guztiok sufritzen ditugu hori gertatzen den mundu batean bizitzeak dakartzan ondorioak.
Gauzak horrela, ekainaren 28a gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Beraz, Sestaoko Udal honen aldetik, kolektibo honen kontra dauden gorroto diskurtsoez jabetuta, eta hainbat lekutan giza eskubideak urratuak direla kontuan hartuta, gizarte osoa animatu nahi dugu halako egoera guztien aurrean erantzuna ematera eta argi eta ozen salatzera. Ibilitako bideari begiratzen badiogu, argi ikusiko dugu aniztasun sexuala eta genero aniztasuna gero eta onartuago daudela, zati handi batean, euskal gizarte osoak erkidego bidezkoagoa eta berdintzaileagoa eraikitzeko egin duen lanari esker.