Albisteak

 

Sestaoko Udalak irisgarritasuna hobetu eta elementu komunak eraberritzeko obrak egiten dituzten etxejabeen komunitateentzako diru-laguntzen deialdiaren oinarriak argitaratu ditu Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.

Aurten, guztira, 133.000 euroko aurrekontua dago ekimen honetarako, horietatik 74.000 euro irisgarritasun obrak (arrapalak, igogailuak jarri eta ataria zero kotan jarri) egin dituzten komunitateentzat dira eta 59.000 euro elementu komunak (fatxadak, teilatuak, etab.) eraberritzeko obrak egiten dituzten komunitateentzat.

Deialdi honen aurrekontuan jasotako 59.000 euro horietatik, 25.000 euro Txabarri-El Sol Birgaitze Area Integralean (BAI) dauden auzokideen komunitateetara bideratuko dira, eta 34.000 euro, udalerriko gainerako komunitateetarako. BAI deituriko eremuan komunitaterik egongo ez balitz, soberakina 34.000 euroko zenbatekoari gehituko zaio.

Deialdira aurkeztu ahal izateko, obrek aurtengo abenduaren 31rako baino lehenago egon beharko dute amaituta, eta, BAI eremuan dauden komunitateen kasuan, 2019ko abenduaren 31 baino lehen. Komunitate bakoitzak gehienez ere 1.300 euro jasoko ditu. Eskari guztiari erantzuteko zenbateko horretara iritsi ezean, eskaera egin duten komunitate guztien artean hainbanatuko da.

Oztopo arkitektonikoak kentzeko laguntzen kasuan, lehiaketa bidez erabakiko da. Hau da, eskaerak izapidetzean, Udalak 15 puntu emango dizkie mugikortasun urriko arazoak dituzten pertsonak dituzten komunitateei, 10 puntu, 60 urtetik gorako pertsonak dituztenei, eta 5 puntu, aurreko bi kasuak betetzen ez dituzten komunitateei. Komunitateek, gehienez ere, 1.000 euroko laguntza jasoko dute arrapala eraiki dutenen kasuan, eta 2.500 euro, igogailua instalatu dutenen kasuan. Obrak aurtengo abenduaren 31 baino lehen egongo dira amaituta.

Diru-laguntzak eskatzeko eskabideak 2018ko abenduaren 12ra bitartean aurkez daitezke Udaletxeko Erregistro Orokorrean.