Albisteak

 

Ahaldun Nagusiak adierazi du PCBren Sestaoko lantegi berria 2017ko lehen hiruhilekoan jarriko dela martxan; Rementeriak data hori zehaztu du pabiloiko obrak ikusteko egin duen bisita batean. Honako hauekin batera egin du bisita: Ignacio Mataix ITPko zuzendari nagusia, Amadeo Torrens PCBko zuzendari nagusia, Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatua eta Josu Bergara Sestaoko alkatea.

Horrez gain, Ignacio Mataixek zehaztu du Sestaoko pabiloian Barakaldoko PCBko lantegian egiten dituzten produktu urtuen akabera prozesuak gauzatuko dituztela, eta lantegi berria sortzeari esker 230 lanpostu berri eratuko direla. ITPko zuzendari nagusiak azaldu du 182 langile sartu direla konpainian 2015 eta 2016 bitartean, eta langile horien % 60 Ezkerraldeko udalerrietako biztanleak direla.

Zentzu horretan, Unai Rementeriak esker ona adierazi nahi izan die ITP eta PCBko arduradunei: "Berriz ere eskerrak eman nahi dizkiet Ignacio eta Amadeori Sestaoren, Ezkerraldearen eta Bizkaiaren alde apustu egiteagatik. Eta nabarmendu nahi dut baita ere erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetzak funtzionatu egiten duela. Elkarrekin indartsuagoak garela. Orain dela urtebete orube huts bat besterik ez zegoen hemen. Gaur egun hilabete batzuk barru jarduera industriala eta enplegua sortuko dituen pabiloia dago".

Ahaldun Nagusiak argi utzi du Bizkaiko Foru Aldundia hartutako konpromisoa betetzen ari dela, hots, urtarrilean pabiloia prest egongo dela. PCB, halaber, bere konpromisoa betetzen ari da, hau da, lurraldean inbertitzen ari da. Albiste oso ona da, aste on bati bukaera ematen diona, Rementeriak zoriondu duen bezala: "Aste benetan ona izan da Bizkaiarentzat. Astelehenean Basauriko Sidenorren 35 milioiko inbertsioaren berri izan genuen, eta asteari bukaera emateko beste berri oso on bat daukagu, hots, 2017ko lehen hiruhilekoan martxan jarriko dela Sestaoko PCBren lantegi berria eta Ezkerraldean 230 lanpostu sortuko direla horri esker".

Sestaoko lantegi berria, PCBk dituen hazkunde-planen barruan sartzen da, eta ITPren 2016-2020 Plan Estrategikoaren parte ere bada. Hala, munduan industria aeronautikoak hazteko dituen aurreikuspen onak islatu dira. PCBren Sestaoko lantegi berria egongo den lur-sailaren azalera osoa 10.773 m2-koa da, eta 2015-2021 bitartean 20 milioi euro inbertituko dira guztira.