Albisteak

 

Sestaoko Udalak aukera eskainiko die herritarrei, lehen aldiz, udal-aurrekontuen prestaketan iritzia emateko. Xede hori betetzeko, Gobernu Irekia saila 12.000 eskupaper banatzen hasi da gaur, gutunontzietan, sestaoarrek 2017ko kontuetarako dituzten proposamenak bidali ditzaten.

Urtero, data honen inguruan, gobernuko taldeak hurrengo ekitaldiko aurrekontuak prestatzeari ekiten dio, horretarako abiapuntu hartutik udaleko diru-kutxek aurreikusitako sarrerak. Eskuarki, talde politikoek eta udaleko teknikariek egin izan dute egiteko hori. Hala ere, udalerriko alkate Josu Bergarak esplikatu duenez, 2017ra begira “ate bat ireki nahi diogu herritarren parte-hartzeari, sestaoarren iritzia entzuteko. Era horretan, jendearen beharrizanetatik hurbilago dauden aurrekontuak onartuko ditugu”.

Lehen aldia denez, Udalak proposatu duen prozesu parte-hartzaileak izaera pedagogikoa izango du; alegia, batez ere honelakoak azaltzea da kontua: aurrekontu bat zer den, diru-sarrerak nondik etortzen diren eta gastuak zertara bideratzen diren. Behin azalpenak emanda, herritarrei eskatuko zaie udal-sailak ordenatu ditzatela eurek ematen dieten garrantziaren arabera, eta adierazi dezatela, inbertsioen atalaren barruan, jarduketa hauetatik zeinetara bideratu beharko lukeen Udalak diru gehiago: kirol-instalazioak hobetzea, espazio irekiak estaltzea, ekipamendu berriak sortzea, haur-jolasak hobetzea, ikastetxeak hobetzea, udal-lokalak hobetzea, kaleak hobetzea edo hiri-altzariak hobetzea.

Inbertsioen atalean apur bat gehiago sakonduz, lan horiek guztiei heltzeko kreditu nahikorik ez dagoenez gero, herritarrei galdetuko zaie ea zer nahiago duten 2017rako: Las Llanas Zumarkalea berrurbanizatzea, San Pedro plaza estaltzea edo Polizia etxe bat ezartzea Hiru Kontzejuen Plazan. Parte-hartzaileek beste inbertsio bat proposatu ahal izango dute euren auzorako, eta are bestelako proposamenak egin, beste udal-sail batzuekin lotutakoak, ez badira galdetegian islatu.

Gazteria eta Gobernu Irekia ataleko zinegotziak, Eduardo Abadek, adierazi duenez, lehen esperientzia honetarako "galdetegi erraza egitea erabaki da, herritarrak apurka ohitu daitezen udal-aurrekontuetan parte hartzera”. Modu horretan, kultura parte-hartzailea sortzen den neurrian, “herritarrekiko konpromiso sendoagoak hartu ahal izango ditugu, beste udalerri batzuek egiten duten moduan, zenbait urte daramatzate-eta euren herrikideen iritzia aztertzen”.

Non eta nola eman behar dira proposamenak?
Sestaoko Udalaren webgunean –www.sestao.eus– dagoen bannerretik iritsi daiteke galdetegira (gutunontzira heldutako bera da). Hala, gaurtik aurrera, urriak 24, eta azaroaren 4ra arte, ostirala, nahi dutenek botoa eman ahal izango dute plataformaren bidez.

Halaber, Correos enpresaren postontzi zahar bat instalatuko da auzoetan, Sestaoko koloreekin pertsonalizatuta, eta bertan herritarrek galdetegiak utzi ahal izango dituzte. Postontzi hori Marcos Grijalvo kalean egongo da, adinekoen zentroaren ondoan, urriaren 25ean, asteartearekin. Urriaren 26an, asteazkena, Manuel Andrés eta Villar y Villate kaleen bidegurutzean egongo da. Ostegunean, urriak 27, Txikito Bideko metroko irteeran jarriko da, eta, azkenik, urriaren 28an, ostirala, San Pedro Plazan. Postontzia goizez zein arratsaldez egongo da leku horietan guztietan.

Azken aukera honako hau izango da: galdetegia karpan ematea. Karpa hori ere auzorik auzo ibiliko da, arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara. Urriaren 25ean, asteartean, Kueto ikastetxe publikoaren aurrean ezarriko da. Asteazkenean, urriak 26, La Piedrilla parkean. Urriaren 27an, ostegunarekin, Hiru Kontzejuen Plazan kokatuko da, eta ostiralean, hilak 28, San Pedro Plazan. Karpako langileek zalantzak argitzen lagunduko diete beharra duten herritarrei.

Azaroaren 9an, emaitzak argitaratuko dira, eta hala eskatu duten guztiek euren helbide elektronikoan jaso ahal izango dituzte.