Albisteak

 

Pasa den ostiralean, hilak 8, Barakaldoko udaletxean bildu zen Sestaoko ertzain-etxeko eskualde-koordinaziorako batzordea, dagokion barrutiko –Barakaldo, Sestao eta Trapaga herriek osatua– delinkuentzia-bilakaera aztertzeko. Bileran, halaber, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen artean etorkizunean garatu beharreko segurtasun-politika koordinatuak ezarri ziren.

Bileran adierazitakoaren arabera, Sestaoko barrutian % 10,2 egin zuen behera delitu kopuruak 2015ean; 2014an, zigor-arloko 9.194 arau-hauste egin ziren, baina 2015ean, 8.256. Kopuru horrek Ertzaintzaren eta udaltzaingoen datuak barne hartzen ditu.

Beherakada gertatu zen delitu mota guztietan, nagusiki, alarma sozial handiena eragiten dutenetan. Hauek dira: gauzatutako hilketak, 3tik 0ra jaitsi dira; eta ondarearen aurkako delituak (lapurretak, ebasketak), 6.829tik 6.261era jaitsi dira. Azken horien artean, etxebizitzetan eta eraikin erantsietan egindako lapurreten kopuruak behera egin zuen nabarmen, 580tik 357ra.

Gainera, sexu-erasoak 34tik 26ra jaitsi ziren; trafiko-alkoholemiak 224tik 182ra; eta ordena publikoaren aurkako delituak 139tik 71ra. Kontrara, gorakadak gertatu ziren, txikiak izan arren, lesioen delituetan, 565tik 579ra, eta familia-barneko tratu txarrei loturikoetan, 343tik 357ra.

2015eko delituen balantzeaz gain, bileran 2016ko urteko kudeaketa-plana aztertu zuten, lau ardatz estrategikoetan –gizarte-errekonozimendua, prebentzioa eta eraginkortasuna, kudeaketa eta pertsonak– gauzatu beharreko ekintzak barne. Hala bada, arreta handiagoa eskaini zitzaien genero-indarkeriaren aurkako jarduerei, eta indarrean dauden etxeko zein genero-indarkeriaren espedienteen egoera eta administrazioak koordinatzeko prozedura aztertu zituzten.

Era berean, ikastetxeetan gauzatutako prebentzioko komunikazio-jarduerak, nagusiki, sare sozialen eta Interneten gainekoak (eskari handieneko jarduera da, 2015-2016 ikasturterako aurreikuspena jada beteta dituena).

Era berean, udal-zerbitzuen lana, hirigintzakoa, gizarte-ekintzakoa edo kulturakoa kasu, indartzeko premia mahaigaineratu zuten, ekarpen onuragarria izan direlako auzoen arteko gatazkak konpontzeko eta herritarren segurtasuna-sentipena hobetzeko.

Azkenik, udaltzaingoen eta Ertzaintzaren arteko lankidetzan urrats gehiago ematearen alde agertu zen batzordea, lankidetza hori funtsezkoa izan delako delitu asko ebazteko garaian eta delinkuentziaren joera beherakorrak indarra har zezan.