Albisteak

 

Kuetoko adinekoen zentroak hilabetea egin du, irailaren 20an jendearentzat berriro ireki zutenetik. Sestaoko Udalak, ekipamenduaren jabea denak, jarduneko lehen aste hauen emaitzari “oso ona” deritzo. Erabiltzaileek begi onez hartu dituzte instalazioak. Gainera, aurreikusitako aisia-programazio guztia eragozpenik gabe jarri da abian, eta eraikina arazorik gabe ari da funtzionatzen. Hala, eraberritze integrala egiteko lau urtean itxita egon ondoren, Kuetoko adinekoen zentroa berriz ere bihurtu da Sestaoko adinekoen elkargune.

“Kuetoko adinekoen zentro berria eraberritze-lanei ekin aurretik finkatutako aurreikuspenak betetzen ari da”, adierazi du Gizarte Ekintza eta Adinekoak arloko zinegotzi Flori Núñezek, espazio horretara egindako bisitaldian. Zentroak ia 1.000 metro koadroko eremua hartzen du, bi solairutan banatuta.

“Egindako konponketaren helburua kaletiko irisgarritasuna eta eraikinaren isolamendua hobetzea zen, eraginkorragoa izan zedin. Hori guztia Sustapen Ministerioak proiektuan inbertitutako 2,4 milioi euroei esker lortu da. Obra garrantzitsua da, zalantzarik gabe, eta berebiziko eragin soziala izaten ari da honezkero. Izan ere, Sestaoko adinekoak dira onuradun nagusiak, eta euren eskura duten zentro berria aurrekoa baino erosoagoa da”, erantsi du zinegotziak.

Lehen hilabete honetan, 500 pertsonak baino gehiagok erabili dituzte instalazioak astero, eta Udalak uste du, irmo uste ere, kopurua handituko dela adinekoen zentroetako bazkideak (4.000tik gora) ekipamendu berria ezagutuz doazen neurrian. Instalazioek honako zerbitzu hauek dituzte: ile-apaindegia, podologia, liburutegia, erabilera askotako gela, ordenagailuen gela, gizarte-aretoa eta txokoa. Zentroa jardunean da 10:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 20:00etara, astelehenetik ostiralera; larunbat, igande eta jaiegunetan, berriz, 16:00etatik 20:00etara dago irekita.

Programatutako jolas-jardueretan 275 pertsonak eman dute izena. Kuetoko adinekoen zentroan 16 ikastaro daude guztira, abendu erdiraino emango direnak. Honako hauek dira: adinekoen gimnasia ikastaro bi (52 ikasle), dantza latinoen ikastaro bi (25 ikasle), aretoko dantzen ikastaro bi (38 ikasle), argazkigintza digitaleko ikastaro bat (11 ikasle), hasiberrientzako informatika ikastaro bat (5 ikasle), gaian sartuentzako informatika ikastaro bat (9 ikasle), memoria lantegi bi (30 ikasle), pintura lantegi bat (13 ikasle), psikomotrizitate lantegi bat (35 ikasle), barreterapia lantegi bat (20 ikasle), sevillanen lantegi bat (20 ikasle) eta antzerki lantegi bat (7 ikasle).

Ikastaroez gain, aldizkako beste jarduera batzuk gauzatuko dira, hala nola karta-txapelketak, irtenaldi kulturalak, mintzaldiak, txangoak, erakusketak, jaiak eta dantzak; horiek urritik maiatzera bitarteko larunbat-igande guztietan izango dira, 17:30etik 20:00etara.

Flori Núñezen esanetan, “programazio horrek erakusten du Sestaoko adinekoen zentroetan dugun aktibitate bizia, bai eta erabiltzaileen kemena ere, hain laster egiten baitute dantzan nola informatika edo argazkigintza ikasten”.