Albisteak

 

Eusko Jaurlaritza Carranza kaleko 1, 2, 3 eta 4 zenbakiak eraisten hasi da, eta uztail amaieran bukatuko ditu lanak. Ekintza horren bidez, bultzada garrantzitsua ematen zaio udalerriko behealdearen eraberritze urbanistikoari, eta, zehazkiago, infraetxeak kentzeko prozesuari, eraikin horiek kontserbazio-egoera oso txarrean baitzeuden.

Lanek 90.000 euroko kostua dute, eta guztira 32 etxebizitza biltzen dituzten lau zenbakiri eragiten diete. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak bere gain hartuko du kostu osoa.

Eraikinak eskuz eraitsiko dituzte, goiko bi solairuak hutsik geratzen diren arte, eta, ordutik aurrera, hondeamakinek amaituko dituzte lanak.

Eraikinak epe laburrean eraistea aurreikusten zen arren, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak higiezin horiek lehenago eraistea erabaki dute, maiatzaren 2an sute bat gertatu baitzen haietako batean, familiak etxe berrietara aldatzeko azken fasean zirela.

Prentsaurrekoaren bideoa ikusi