Albisteak

 

Sestaoko Udalak aurkeztu ditu San Pedro Plaza zati batean estaltzeko deitutako Ideia Lehiaketan finalista gelditu ziren hiru proposamenak. Sabairea, Y si pudiera congelar el tiempo eta Tapa2 izenez aurkeztu dituzte epaimahaiak hautatu dituen hiru proiektuak, proposamenak aurkezteko epean aurkeztu ziren 49ren artetik. Honako hauek izan ziren epaimahaia osatzen zutenak: Josu Bergara alkatea, Leire Fernandez Obrak eta Herri Bideak arloko zinegotzia, oposizioko alderdi politikoetako ordezkariak, bulegoko teknikoko langileak eta Ibon Areso Bilboko alkate ohia, arkitekto gonbidatu gisa. Orain arte egindako lan guztiari merezi duen amaiera emateko, Udalak herritarren arteko parte-hartze prozesua jarriko du abian, Sestaoko herritarrek euren gustukoenaren aldeko botoa eman ahal dezaten.

Sabairea izeneko proposamenak bi estalki garden eta independente planteatzen ditu, argitasuna pasatzen uzteko. Horietako lehenak 765 metro karratuko azalera izango luke, eta plazaren gune irekia estaliko luke, eta bigarrenak, ordea, 712 metro karratuko azalera izango luke eta haurren jolas gunea babestuko luke, euritan ez bustitzeko. Planteamendu honekin lanak bi fasetan egin ahal izango lirateke, udalak erabilgarri duen diruaren arabera.

Y si pudiera parar el tiempo izenekoak ordea, estalki moldaerraz bat instalatzea proposatzen du, mekanikoki era errazean tolesten den sistema bidez ireki litekeena, plazaren azalera osoa zabalik utziz, zerura zabalik eta eguzkiari eta aireari ere. Azpiegitura hori bi arkupek osatuko lukete, espazio publikoaren tenplua osatzen duen zerua mugatzen dutenak eta fisikoki zorupeko aparkalekuaren azpiegituran finkatzen direnak, haren zutabeen proiekzioan. Modelo honek, gainera, alboetara ere zabaltzeko aukera ematen du.

Azkenik, Tapa2 izenekoa. Honek beirazko plano bat irudikatzen du, egitura nagusitik zintzilik eta %10eko maldako zatiekin, euri urak eta beira garbitzen deneko ura behar bezala hustea bermatzeko. Azken emaitzak inguruko ontzigintza-industriari lotutako metalezko egitura arin eta airekoen antza du.

Maiatzaren 12, 13 eta 14an Udalak herri osoko etxeetako postontzietara bidaliko du esku-orria, proposamen bakoitzaren infografia eta azalpena jasota, eta parte-hartze prozesuari buruzko argibideekin ere. Maiatzaren 16an bandoa zabalduko da San Pedro Plazaren inguruetan, berriro ere parte-hartzeko prozesuaren zehaztapenak gogoratzeko. Maiatzaren 19an eta 20an karpa bat jarriko da plazan bertan, eta goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara botoa eman ahal izango da. Inork zalantzaren bat izanez gero, argibideak bertan emango zaizkio. Gainera, Sestaoko Udalaren web orrian (www.sestao.eus) ere bozkatu ahal izango da, maiatzaren 23tik 27ra bitartean. Herritarren parte hartzeak 10 puntu emango ditu, gehienez 100 izango dira. Izan ere, lurpeko aparkalekuaren gaienean eraikiko den egitura bat izatean irizpide teknikoak eta ekonomikoak gailenduko baitira. 

Irabazle ateratzen den proposamenak 9.000 euroko saria eskuratuko du, eta Sestaoko Udalaren ondare izatera pasatuko da, eta Udalak beretzat gordeko du erabili ahal izateko eskubidea