Albisteak

 

Atzo, ekainak 22, asteazkenarekin, Sestaoko Udalak Francisco Llaseras Auzunea berrurbanizatzeko proiektua onartu zuen, bai eta obrak lehiaketara ateratzeko baldintza tekniko eta administratiboen agiria ere. Behin izapidea bete ondoren, aurreikusita dago Udalak hurrengo egunotan abiaraziko duela kontratazio-prozesua, lanak irailean hasteko asmoarekin.

Udalak proiektatutako obrak goitik behera berrituko du auzune txiki hori, Portugaleterekiko udal-mugan dagoena, eta garrantzi berezia emango zaio traba arkitektonikoak kentzeari. Hobetu beharreko espazioak 1.192 metro koadroko eremua hartzen du. Eremu horretan bi patio daude, altuera ezberdinetakoak, eta etxebizitzetan sartu eta irteteko bide bat.

Kontuan harturik une honetan zein egoeratan dagoen Francisco Llaseras Auzuneko etxebizitzen urbanizazioa, komenigarria eta beharrezkoa da gune horretan esku hartzea. Horretarako, oraingo zoladura, asfaltoa eta espaloiak desegin, eta zoladura berria jarriko da, udalerrian oraintsu berrurbanizatu diren beste kale batzuetan erabilitako zoladuraren tankerakoa.

Obra horrekin, oraingo traba arkitektonikoak kentzeko ahalegina eginez, gainalde berria eraikiko da, non oinezkoak eta ibilgailuak kota berean izango diren, eta, espazioak mugatzeko, zoladuraren bereizkuntza, balizak edo piboteak erabiliko diren.

Proiekturi jarraiki, lau metro zabaleko bide bat eraikiko da, ibilgailuak gurutzatu ahal izatea bermatuko duena, eta oinezkoen gune bat sortuko da, gutxienez bi metro zabalekoa, atari guztietara sartzea ahalbidetzen duena. Goiko aldeko plaza txikia, Las Llanas zumarkaletik gertukoena, mantendu eta sustatuko da; behealdeko etxadiak, berriz, neurri batean gordeko du oraingo konfigurazioa.

Obra aprobetxatuz, saneamenduko eta ur-horniketako sareak ordeztuko dira. Horretarako, fibrozementuzko oraingo kanalizazioak kenduko dira, eta polietilenozko berri batzuk jarriko. Era berean, argiztatze-sistema modernizatuko da led motako farolen bidez. Hala, ingurunea modu eraginkorragoan argiztatuko da.

Obrak atalak hiri-altzariak ordeztuko ditu, eta, hala eginez, banku, paperontzi eta jardinerak hobetuko.

Francisco Llaseras Auzunea berrurbanizatzeko lehiaketaren prezioa 372.325 eurokoa da, eta hiru hileko epea dago lanak burutzeko. Hortaz, urte amaierarako egongo dira amaituta obrak. Azken urteotan ohikoa izan den legez, Udalak klausula sozialak sartu ditu baldintza-agirian, obra honetan langabeen kontratazioa bultzatzeko.

Prentsaurrekoaren bideo ikusi