Albisteak

 

Sestaoko Udalak irailetik aurrera abian jarriko du herriko argiteria-instalazioetan energia eraginkortasuna hobetzeko planaren bosgarren fasea.

Fase honetan, Udalak guztira 92 kale-argi berrituko ditu San Diego eta Triano kaleetan, Conde Balmaseda plazan, La Benedictarako sarbideetan, Sotera de la Mier-eko atzeko aldean eta La Iberiako Renfe geltokirako sarbidean dagoen plazan.

Puntu guzti horietan LED teknologiadun kale-argiak jarriko dira, luzaroago irauteaz gain murriztu egiten baitute energia kontsumoa eta ingurumen-kutsadura ere.

LED teknologia hau ezarrita, kale horietako argindar kontsumoa %73raino murriztu ahal izango da. Gaur egun, puntu horietan ematen den argindar kontsumoa urtean 72.055 kwh-ra iristen da, eta datorren urtetik aurrera urtean 19.328 kwh-koa izatea espero da, eta horrela Udalak urtean 8.000 euro inguru aurreztu ahal izango ditu.

Aktuazio hori burutzeko, gobernu taldeak 87.000 euroko aurrekontu-saila egokitu du, astearte honetako Udalbatza Osoak egin duen ohiko bilkuran onartu dena. Beraz, Obrak eta Herri Bideak arloak hurrengo egunetan ekingo dio kontratazio-espedientea prestatzeari, urteko azken hiruhilekoan obra horiek burutu ahal izateko.

Prentsaurrekoaren bideoa ikusi