Albisteak

 

Sestaoko Udalak martxo amaieran jaso du Karmengo Ama auzunean ur-horniduraren hoditeria eta espaloiak berritzeko asmoz Ur Partzuergoa idazten ari den lau proiektuetatik lehenengoa.

Lehen proiektu horretan, jarduketa-lan bat aurreikusten da Karmengo Ama auzuneko K blokean, 76.800 euroko zenbatekoan eta bi hilabeteko egikaritze-epean. Lan horien bidez, etxebizitzetan edateko ura hornitzen duen hoditeria berrituko da, eta jarduketa hori aprobetxatuz, espaloia ere eraitsiko da. Gaur egun espaloia harlauzakoa da, eta helburua da granito-baldosekin berreraikitzea.

Kanalizazio berria Triano eta San Diego kaleen arteko bidegurutzean dagoen sarera lotuko da. Lehenengo tartea espaloi azpitik pasatuko da, Triano kalean, K blokera daraman eskailera gainditu arte. Ondoren, ezponda azpitik igaroko da, lubeta naturalean, eraikin multzoko espaloi pribatuaren ingururaino.

Hoditeria berria eraikin multzoko atarien kotaraino jaitsiko da. Horretarako, hainbat iskintxo egingo dira, arrapala bat eta bertan dagoen parterre bat zeharkatuz. Ondoren, trazadura osoa lubakian pasatuko da baldosa-zoladuraren azpitik, zoladura hobetzeko eremuarekin bat eginez, egungo sarearekin lotu arte.

Deskribatutako hornidura-kanalizazio guztia fundizio harikorra izango da. Hoditeriaren instalazioa egin ondoren eta presio-probak behar bezala egin ondoren, berau martxan jarri baino lehen, hoditeria desinfektatuko da.

Obrak eta Herri Bideak Arloko zinegotzi Leire Fernándezek adierazi du bere arloa dagoeneko prestatzen hasia dela dokumentazioa, lizitazioa berehala martxan jartzeko asmoz, obrak uda honetan has daitezen.

Jarduketa hori edateko ura banatzeko Bigarren Mailako Sarearen Udaleko Berraztertze Planaren barruan sartuta dago. Sestaoko Udalbatza Osoak onartu zuen 2018ko otsailean.

Plan horrek guztira 14 jarduketa ezartzen ditu, guztiak ere 2027. urtera arte egin beharrekoak, eta gutxi gorabehera 1,1 milioi euroko inbertsioarekin.

Programa honen helburua da, Ur Partzuergoarekin elkarlanean, udalerriko ur-hornidurako hoditeria zaharrenak berritzea. Gauzatu beharreko obrek irizpide hauek hartuko dituzte kontuan: instalazioaren antzinatasuna, ekipo akastunak egotea edo hutsune garrantzitsuak dituztenak egotea, zerbitzua behar bezala ematea eragozten dutenak.

Aldeen artean hartutako akordioaren arabera, honela banatzen da lana: Ur Partzuergoak idazten ditu proiektuak, eta Udalak obren lizitazioa eta egikaritzea hartzen du bere gain. Horretarako, Ur Partzuergoaren diru-laguntza jasotzen du.

Plan honen babespean udalerrian gauzatuko diren 14 jarduketetatik, lauk Karmengo Ama auzunea hartuko dute ardatz. K blokean adierazitakoaz gain, bigarrena M blokean egingo da, hirugarrena L, N, O eta P blokeetan, eta, azkena, A eta C blokeetan eta San Diego kalean. Karmengo Ama auzunean lau proiektu horien bidez egingo den inbertsioa milioi erdi eurokoa izango da.