Albisteak

 

Sestaoko Udalak tokiko merkataritzan, ostalaritzan, eta zerbitzu arloko enpresetan euskararen erabilera sustatzeko plana jarriko du abian.  Estrategia berri honetan emango duen lehen urratsa euskarak merkataritza sektorean duen eragina ezagutzeko diagnostikoa egitea izango da. Horretarako, behar bezala onetsitako pertsonala bisitaldiak egiten ari da negozioetan informazioa biltzeko helburuarekin. Azterketa honen bidez erradiografia lortu nahi da, ondoren sektore honetan euskararen erabilera sendotzeko baliagarriak izango diren jarduketak abian jartzeko.

Udalbatza Osoak otsaileko bilkuran onartu zuen Euskararen Plangintza Estrategikoa 2018-2022 aldirako. Dokumentu honek udalerrian euskararen ikaskuntza sustatu, transmititu eta erabiltzeko abian jarriko diren jardunbideak jasotzen ditu. Zentzu horretan, estrategietako bat tokiko merkataritza inplikatzea da, sektore honetan hizkuntzaren erabilera handitzeko erak aztertzeko.

Hasteko, establezimenduetara galdetegi bat igorri da eta bertan kanpoko errotulazioari, barruko kartelei, plantillan dagoen euskaldun kopuruari, euskara ikastaroetara joateko interesari eta azkenik Euskara arloari eskatuko lioketenari buruzko galderak egiten dira. Udalak emaitzak apirilean izatea espero du eta, une horretatik aurrera, lehenengo neurriak sortzeko lanean hastea.