Albisteak

 

Sestaoko Udalak 50 langabe kontratatuko ditu sei hilabeteko denboraldian, 2016-2017ko enplegu-planaren barruan, zeina gaur goizean aurkeztu duten herriko alkate Josu Bergarak eta Leire Corrales Ekonomia Sustapeneko zinegotziak.

Alkateak azaldu duenez, proiektu hori «beste pauso bat da gobernu-talde honek Sestaoko enpleguarekin eta berraktibazio ekonomikoarekin duen konpromisoan», eta eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez emandako laguntza ekonomikoagatik: «hori barik, ezinezkoa litzateke hain ekintza garrantzitsuak aurrera ateratzea».

Bergarak aditzera eman duenez, Iñigo Urkulluren gobernuak 495.586 euroko diru-laguntzaz finantzatuko du enplegu-plana, «azken bost urteotako kopururik handiena»; horrek gehi Udalak jarriko dituen 260.607 euroek 756.193 euro egiten dituzte guztira.

Enplegu-plana bi fasetan zatituko da. Lehen fasea aste honetan bertan jarriko da abian, eta 25 pertsonaren kontratazioan datza; bigarren fasea, berriz, urrian gauzatuko da, eta aurreikusitako langileen beste erdiak kontratatuko dira orduan. Ekonomia Sustapeneko zinegotziak –Leire Corrales– esplikatu duenez, programek, kasurik gehienetan, «errepikatu egiten dituzte azken urteotan etenik gabe gauzatu izan diren esperientziak, zeren zerbitzu ona ematen baitzaie herritarrei, emaitza onak lortzen, eta, hortaz, uste dugu mantendu beharrekoak direla».

Hala, irailaren 8tik 18ra bitartean, sestaoarrek izena eman ahal izango dute lanpostu hauek betetzeko aukera izate aldera: 17 lanpostu Hirigunea edertzea eta eraikin eta barne publikoak mantentzea programan; 7 lanpostu Bide eta gune berdeak lehengoratzea programan; eta lanpostu bat, berdintasun-teknikari gisa, Gazteen artean berdintasuna sustatzea eta indarkeria sexista prebenitzea programan, udal-zerbitzua indartzeko.

Aurrerago, urriaren 6tik 16ra, izena emateko bigarren aldia izango da, gainontzeko 25 lanpostuetarako, zeinak programa hauen artean banatuko diren: bost bizikidetza-eragile, lau pertsona udal-artxiboa kudeatzeko, zazpi pertsona mendeko pertsonei laguntasuna emateko, hiru pertsona Juan Ellacuría zahar-etxean esku-hartze psikosozial bat gauzatzeko, bi teknikari Behargintza indartzeko, bi informatikari Udaletxerako, beste informatikari bat Udaltzaingorako eta teknikari bat Herritarren Parte-hartzea arlorako.

Programa horietan guztietan izena emateko, Lanbideren webgunera jo beharko da: www.lanbide.euskadi.eus.

Deialdiaren oinarrien arabera, enplegu-programetan parte hartu ahal izango duten langabeek enplegu-eskatzaile gisa egon beharko dute izena emanda Lanbiden eta Sestaoko Behargintzan, bai eta Sestaon erroldatuta egon 2015eko irailaren 1a baino lehen.

Halaber, oinarriek adierazten dute ezen kontratatutako pertsonen %30ek titular gisa jaso beharko dutela Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE), eta gainerako %70a kolektibo hauetako edozeinetakoa izan beharko dela: 35 urtekoak edo gazteagoak; 45 urtetik gorakoak, gutxienez sei hilabetez Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emandakoak; 55 urterik gorakoak; iraupen luzeko langabeak, kontratazioaren aurreko 18 hilabeteetan gutxienez 12 hilabetez Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emandakoak; eta gizarte-bazterketa arrisku duten pertsonak.

Gutxienez, kontratatuko diren pertsonen %40k emakumeak izan beharko dute, eta Enplegu Planerako guztira kontratatutako pertsonen %15ek 55 URTETIK GORAKOAK izan beharko dute.

Urtarrila eta abuztua bitartean, Sestaoko langabetuen kopuruak %8 egin du behera: urtarril hasieran zeuden 3.152tik abuztu amaieran zenbatutako 2.901era. Udalak espero du plana lagungarria izango dela enplegua behar duten pertsonei lan-aukera bat eskaintzeko, eta, aldi berean, ahalbidetuko duela langabetuen kopuruak aurten hartu duen beheranzko joerari eustea.
 
Informazioa ikusi (PDF, 256 KB)