Albisteak

 

Uda honetan, Sestaoko ikastetxeak prest jarriko dira datorren ikasturtea behar bezala hasteko. Aurten, Sestaoko Udalak 65.000 euro inguruko inbertsioa egingo du, bost ikastetxetan jarduketak egiteko, uztail eta abuztuan. Diru-sail horri esker bederatzi jarduketa egingo dira guztira: denak eskolek berek eskatutakoak, euren premiei erreparatuta. Dena dela, garrantzitsua da nabarmentzea Udalaren egitekoa ez dela uda partera mugatzen. Izan ere, jarduketak gauzatzen ditu eskoletan ikasturte osoan zehar, eta, oporrak baino lehen, beste 20.000 euro gastatuak ditu mantentze-lanetan.

Pako Gorrotxategi Hezkuntza ataleko zinegotziak esplikatu duenez, uda honetan gauzatuko diren obrek Eusko Jaurlaritzaren 60/40 programaren finantziazioa dute. Hau da, obrak mamitzeko behar den dirutik, Hezkuntza Sailak % 60 jartzen du, eta Udalak % 40. Hala bada, erkidegoko Gobernuak, guztira, 31.737 euroko ekarpena egingo dio udal-kutxari.

Álbiz ikastetxe publikoan, bi jarduketa egingo dira uda honetan. Lehen jarduketan, leihateak ordeztuko dira, 9.000 euroren kostuan; bigarrenean, PVCko egitura bat eta beheko patioan sartzeko ate bat instalatuko dira, 3.980 euroren kostuan.

Vista Alegre ikastetxe publikoan, azken urteotan egin izan den bezala, leihoak aldatzen jarraituko da: behar-beharrezkoa, haietako batzuk hain zaharrak izanda. Kasu horretan, 18 leiho zabal berritzen ari dira, 33.323 euroko inbertsioa eginda. Ikastetxe horretan bertan, era berean, terrazetan hezetasunak kentzeko proiektu bat gauzatu da, 6.656 euroren kostuan.

Kueto ikastetxe publikoan, zentroko zuzendaritzak eta gurasoek luze eskatutako jarduketa bat gauzatuko da. Hain zuzen ere, argi-fokuak instalatuko dira kanpoko patioko estalkipean. Estalki hori duela hainbat urte jarri zen, patioa eguraldi kaskarretik babesteko. Teilatuak berak ikastetxeko fatxadan dauden fokuak estali zituen, eta, orain, patioan argia falta da iluntzean. Fokuak estalkipean instalatzeak 10.277 euroko kostua izango du. Kueton ere, eraikineko atartea eta eskailera-zuloa pintatuko dira, 8.000 euroko inbertsioa eginez.

Vista Alegreko haur-eskolan bi obra egingo dira. Batetik, oraingo argien ordez eraginkortasun energetiko handiagokoak jarriko dira. Jarduketa horren kostua 9.600 eurokoa izango da. Bestetik, zorua aldatuko da, 1.500 euroren kostuan.

Musika Eskolan, azkenik, bi ikasgela bateratuko dira, eta obrak 5.100 euroko kostua izango du.

Pako Gorrotxategik gogorarazi du ezen obra garrantzitsuenak udan egiten direla ikasgelak hutsik daudelako; hala, ez zaio eragozpenik sortzen hezkuntza-komunitateari. Halere, ikastetxeak zaintzeko zenbait obra eta jarduketa ezin dira udarako utzi, eta ikasturtean gauzatzen dira.

Adibidez, pasa den ikasturtean, 2.056 euro erabili dira pertsianak konpontzeko eta 2.429 euro beirak eta ateak konpontzeko, hainbat ikastetxeetan. Álbiz ikastetxe publikoaren sarrera-atean, aterpe bat eraiki da, 13.000 euroko inbertsioa eginez, zentrotik irtetean ikasleak busti ez daitezen euria egiten duenean. Ikastetxe horretan bertan, saskibaloi-zelaiko marrak pintatu dira, eta bulego bat birmoldatu da espazioak banatzeko, 2.400 euroren kostuan.

Amaitzeko, Sestaoko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua burdin hesiak egiten ari da Álbiz ikastetxerako, oraingoak baino altuagoak, baimenik ez duen inor sar ez dadin barrualdera.