Albisteak

 

 

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Telefónica fundazioak bat egin dute Ezkerraldeko eta Meatzaldeko 18 eta 35 urte bitarteko gazteei modu profesionalean gaitasun digitalei buruzko prestakuntza emateko Enplegu Digitalaren testuinguruan. Ekimen hori fundazioarena eta doakoa da eta “Guztiok gaude barne” deituriko Gazte Enplegagarritasun programaren bitartez garatzen da. Proiektuan parte hartzeko baldintzak 18 eta 35 urte bitarte izatea eta lana bilatzen egotea dira. Ez da beharrezkoa izango teknologiari buruzko aurrezagutzarik izatea baina beharrezkoa izango da gutxienez DBHko ikasketak bukatuta izatea. Baldintza hauek betetzen dituen edozein gaztek izena eman ahal izango du JAVA landuko den doako ikastaroetan. Ikastaro horietan parte hartzen dutenek, prestakuntza jasoko dute enpresek bilatzen dituzten profesional digital horietako batean bihurtzeko.

Ikastaroak aurten eta 2017an izango dira, eta Barakaldon irakatsiko dira, BIC Ezkerraldean hain zuzen ere. 2016ko fasea datorren urriaren 24an hasiko da eta goizeko ordutegia izango du. 25 plaza egongo dira ikastaro bakoitzeko, eta mugatuak izango dira. Hautaketa-prozesuak berdintasun-printzipioak errespetatuko ditu, eta hautaketa-prozesu horretan parte hartu nahi dutenek Telefónica fundazioaren webgunean izena eman beharko dute: http://www.fundaciontelefonica.com/empleabilidad/empleo-digital/.

Enplegu Digitalaren helburua zubi lanak egitea da enpresa teknologikoen eta langabezian dauden gazteen artean. Horretarako, gehien bilatzen diren profil teknologikoekin harremana duten arloetan prestatzen dituzte gazteak, sektorearen inguruan berriki egin diren aurreikuspenek islatzen duten bezala: IKTen sektorean azken urtean argitaratu diren plaza huts guztietatik erdia baino gehiago garapen digital ezberdinetako programatzaile eta espezialistei zuzendutakoak ziren.

Bizkaiko Foru Aldundiaren iritziz ekimen hau “eskaintza osagarri eta ezberdina da eta, dudarik gabe, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko gazteei lagunduko die gaitasun digitalak esnatu eta garatzeko, lanpostu bat bilatze aldera”. Telefónica fundazioak 20 urte baino gehiago daramatza horretan lanean, prestakuntza bultzatzen, eta beraien iritziz “gabezia larria dago prestakuntza akademikoan”. Horrez gain, gaineratu dute Enplegu Digitala proiektuaren bitartez estatu espainoleko 8.000 gazte prestatu nahi dituztela.

Ikasketa-plana enborreko prestakuntzan oinarritzen da, eta honakoak landuko dira nagusiki: web-aplikazioak (diseinua eta web-integrazioa barne), bezeroaren geruza garatzea, MySQL datuak kudeatzeko sistemari buruzko ezagutzak eta metodologia arinak. Ikastaro zehatzak gauzatu ondoren, ikasleek 60 orduko prestakuntza jasoko dute enplegagarritasunerako trebetasunetan prestakuntzak irauten duen denbora guztian zehar, besteak beste adimen emozionala, taldean lan egitea, marka pertsonala, 2.0 enplegua bilatzea edo laneko elkarrizketa bat modu eraginkorrean nola egin landuko dute.

Lau hilabeteetan zehar, hautatuak izan diren izangaiek prestakuntza teoriko eta praktikoa jasoko dute industrian erabiltzen diren eta enpresa kolaboratzaileek balioztatutako programazioari buruzko teknologia eta metodologien inguruan. Prestakuntzan parte hartuko dute programazioaren sektorean adituak eta erreferenteak diren hainbat pertsonek. Amaiera bikaina emateko, taldeetan banatuta egongo diren ikasleek enpresa bateko beharrizan erreal batetik abiatutako proiektuak garatuko dituzte eta horretarako, enpresarekin elkarlanean arituko dira proiektua gauzatzeko. Prestakuntza-modulu guztiak bertaratzekoak izango dira, eta gainera ikasleek ikasgelatik kanpo prestakuntza jasotzen jarraitu ahal izango dute. Hala, programak hiru alor jorratzen ditu: aukeraketa, prestakuntza eta enpresetara txertatzea. Horrez gain, web-plataforma batek ikasleak prozesu osoan zehar gidatuko ditu.

Adeccoren arabera, profesional digitalekin lotura izango duten profilen eskaria % 40 hasiko da. Horrela, sektorea herrialdean enplegu gehien sortzen duen sektoreetako bat bihurtuko da; izan ere, % 80ak kontratu mugagabea du. Europar Batasunaren aurreikuspenen arabera, une honetatik 2020ra arte 900.000 enplegu teknologiko sortuko dira.