Albisteak

 

Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana.

Ugari izan dira eta dira han-hemengo herritarrek euskara eskuratzeko eta lantzeko egindako ahaleginak. Hor dugu euskarak elikagai ezinbestekoa duen euskaldun berri andana itzela. Hor ditugu seme-alabak euskaraz ikas dezaten nahi duten guraso erdaldunak. Hor ditugu dakiten euskara ezpainetan dantzatzen ahalegintzen direnak…

Zenbat ahalegin pertsonal zein kolektibo, publiko zen herri ekimenekoak azken hogeita hamar urteotan! Horiei guztiei zor diegu euskarak bizi duen errealitatea.

Baina, orain eta hemendik aurrerako urteetan, euskararen erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea dugu langintza nagusi. Mingainak dantzan jartzeko premia dugu, eta, bistan denez, mundu aldakor honetan, kantu eta kontu berriak behar ditugu horretarako.

Bide berriak, bide guztiak

Hala behar du euskarak. Halaxe behar du euskalgintzak ere.
Emankor geratu dira ibilitako bide asko. Eta elkarlana da emankortasun hori auzolanean areagotzeko giltzarria.

Une aproposa da administrazioek eta herri ekimenak auzolanean bide berriak zabaldu, eta gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko. Euskara erabiltzera eramateko.
Bakarka ezinezkoa da. Auzolanean, guztiz ilusionagarria.

365 egun

Hizkuntza ohiturak aldatzeko bide luzean, euskararen aldeko gehiengo soziala aktibatu behar: euskararen lurralde guztietako administrazioak zein herri ekimena. Lurralde eta eremu guztietako erakundeak. Gizarte ekimeneko euskalgintzako taldeak zein bestelako esparruetakoak. Euskaldun osoak, euskaldun hartzaileak eta erdaldunak.

Malgutasunez. Herri bakoitzaren errealitatera egokituz, tokiko eragileekin urratsak adostuz.
Auzolana da bide bakarra. Hizkuntza ohituren aldaketa kolektiboa izanen da ala ez da izanen.
Euskararen eguneko gure konpromisoa, datozen 365 egunotan izan dadin lan egitea. Auzolanean lankide zintzo, euskara auzolana baita.

Beraz, Udal honek adierazi nahi dio bere atxikimendua euskaldunen arteko batasunari eta euskararen erabilera sustatzeko ekimenei. Era berean, datorren urtean euskararen erabilera areagotzeko ekimenetan parte hartzeko konpromisoa gure egiten dugu.