Albisteak

 

Sestaoko Udalak eta Merkatarien Elkarteak, duten lankidetza akordioan oinarrituta, moda ibiltokia antolatuko dute, herritarrei Sestaoko komertzioak eta ematen dituzten zerbitzuak ezagutzera emateko xedez. Ekitaldia urriaren 28an izango da, 20:30ean, Begoñako Andra Mari ikastetxearen patio estalian.

Aurreko bi ekitalditan, 2014 eta 2015ean, Las Llanas udal frontoian egin izan da. Baina aurten Begoñako Andra Mari ikastetxearen patio estalian egitea erabaki da, udalaren intereseko ekitaldiak egiteko aukera handiak eskaintzen dituelako espazio horrek. 

43 establezimendu aurkeztuko dira eta 66 urte arteko 48 modelo arituko dira 900 ikusle arte sartzen diren espazioan. Kopuru horiek erakusten digutena da herriko komertziorako oso garrantzitsua den ekitaldi bat, azken urteotan udalaren agendan bere lekua egin izan duena.

“Moda ibiltokia herriko komertzioaren erakusleiho ederra da. Egun horretan denda askok ahalegin itzela egiten dute salgai duten artikuluen kalitatea erakusteko, edo ematen dituzten zerbitzuen berri emateko" adierazi du Leire Corrales Ekonomi Sustapen arloko zinegotziak.

Moda ibiltokia egingo den eguna ez da besterik gabekoa. Urriaren amaiera aldera egiten da sasoi horretatik aurrera Gabonetako kanpaina abian jartzen delako, eta Sestaoko dendarik gehienentzako dituzten salmenta kopuruengatik urteko sasoirik garrantzitsuena delako.Beraz, garrantzitsua da sustapen lan hori ere egitea.

Moda ibiltoki ekitaldira joateko gonbidapena jaso behar da, eta parte hartzen duten komertzioetan banatuko dira. Interesaturik daudenek denda horietara joan beharko dute sarrerak jasotzera.

Joan den urriaren 10ean hasi zen ibiltoki honen antolakuntza. 150 eskutitz banatu ziren establezimenduetara bidali eta moda ibiltokiaren ekitaldi berri honetan parte hartzera gonbidapena luzatu zitzaien eta 50 kartel jarri ziren modeloak aukeratzeko egingo zen castingaren berri emanez.

Urriaren 17an egin zen castinga Musika Eskolako areto nagusian. Guztira 44 modelo amateur eta 12 neska-mutil aurkeztu ziren, desfilean parte hartuko duten dendetakoak aurkeztuta, arropa eta umeentzako oinetakoak saltzen dituzten dendek hain zuzen ere.

Aste honetan parte hartuko duten dendetara bisita egin izan da, bakoitzari azaltzeko moda ibiltokiaren antolakuntza nola egingo den. Asteburu honetan entseguak egingo dira Begoñako Andra Mari ikastetxeko aretoan.

Urriaren 25 eta 26an modeloek jantziak probatuko dituzte, eta urriaren 27an jaso egingo dira arropak dendetan. Azken entsegu bat egin eta moda ibiltokia prestatuko da.