Albisteak

 

Udalak programazio kulturalari ekingo dio berriro irailean, pasa den martxotik Covid-19 birusak eragin duen osasun krisiagatik etenda egon ondoren.

Kulturaren itzulera tentu handiz egingo da eta Eusko Jaurlaritzak kutsatzerik egon ez dadin ezarritako protokoloak jarraituz. Horretarako, zenbait osasun neurri ezarri dira eta esaterako Musika Eskolako edukiera %50era mugatuko da ikusleen arteko segurtasun neurria mantentzeko, dituen 250 aulkietatik 125 erabiliz.

Bertaratzen direnek maskara jarrita eraman beharko dute eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu. Gainera, tenperatura hartuko da sukarrak jota dagoen jendea sar ez dadin. Azkenik, ikuskizunetara aurretik joatea gomendatzen da Musika Eskolako sarreran jende pilaketarik ez egoteko.

Urte erdiko etenaldiaren ondoren berriro hasiko diren bi programak Ostiral Kulturalak eta urteko erakusketa programa izango dira.

Ostiral Kulturalak programaren bidez herritarrek 14 funtzio ikusteko aukera izango dute urte bukaerara arte. Etapa berri honen lehenengo ikuskizuna irailaren 11rako dago programatuta eta azkena abenduaren 18rako. Aisialdirako eskaintza oso anitza da eta antzerki obrak, umorezko bakarrizketak, magia show bat, kaberet ikuskizun bat, Bilboko Abesbatza eta Orkestraren kontzertua eta Paco de Lucia gitarra jotzaile maisuaren omenezko kontzertua izango dira. Sarreren prezioa 5 eta 7 euro bitartekoa izango da ikuskizunaren arabera.

Erakusketa programak 5 jarduera antolatu ditu urte bukaerara arte, eta astelehenean izango da lehena Ana Belén Gil andrearen pintura erakusketarekin. Erakusketa gelan, aldi berean, hamar pertsona egotea ezarri da eta derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea.