Albisteak

 

Barakaldo, Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko udalek, euren Euskara zerbitzuen bidez, logo komuna sortu dute, lau udalerrietan euskararen erabilera sustatzeko egiten diren jarduera guztietan txertatzeko.

Horrela bada, udalek indartu nahi dute Ezkerraldearen eta euskararen arteko lotura, eta aldi berean aldarrikatu, batetik, bien protagonismoa eta, bestetik, euskaldunen komunitateko kidea izateko harrotasuna, are gehiago tradizioz erdalduntzat jotako eskualde batean, zeinetan, ordea, kopuru absolutuei erreparatuz gero, euskarak hainbat erabiltzaile baitu, hizkuntza sustatu eta baliatzeko sareak egituratu ahal izateko.

Barakaldo, Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko Euskara zerbitzuek urteak daramatzate lanean udalerrien hizkuntza normalizazioaren alde eta, 2018tik aurrera, gainera, elkarlanean ere bai, Ezkerralde osoari dagozkion gaietan. Elkarlan hori, orain arte, baliagarri bezain emankorra suertatu denez, etorkizunean ere bide hori jorratzeko asmotan dabiltza udalotan.