Albisteak

 

Indarkeria matxistaren biktimei erreparazioa emateko tokiko ekintzak

Azaroaren 25a (Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna) dela-eta, Sestaoko Udalekook indarkeria mota horren egitura-izaera nabarmentzen dugu, eta gure konpromisoa agertu nahi dugu emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko. Era berean, nazioarteko esparru juridikoarekin bat etorrita, berresten dugu beharrezkoa dela ekintzak proposatzea esku-hartzearen alor guztietan: prebentzioan, hautematean, arretan, babesean, koordinazioan eta justizian, arreta berezia jarrita biktimei eta bizirik atera diren pertsonei erreparazioa ematearen garrantzian.

Biktimei erreparazioa emateko printzipioak berekin dakar biktimak eskubide-urraketa bizi aurreko egoerara lehengoratzeko beharrezkoak diren ekintzak abian jartzea. Indarkeria matxistaren biktimen kasuan, xedetzat hartzen da biktimaren bizi-baldintzak funtsean hobetzea, urratutako eskubideengatik erreparazioa jasota eta eragindako minetik berrezarrita. Horretarako, Sestaon laguntza psikologikoko zerbitzua daukagu, bai eta laguntza juridikoko zerbitzua ere, guztiz doan, eta zerbitzu horiek emakumeei arreta ematen diete jada. Era berean, ahalduntze-prozesua bultzatu behar dugu, indarkeria-egoerari aurre egiteko gaitasuna eta autonomia indartu dezaten.

Sestaoko Udalekook biktimei arreta eskaintzeko alorrean aitortuta dugun erantzukizuna eta eskumena gure gain hartzen dugu, indarkeria matxista jasaten duten Sestaoko emakumeengandik hurbilen gauden erakundeak garelako. Politikarien eta teknikarien bultzada koordinatuarekin, tokiko erakundeen esku-hartzea funtsezkoa da erreparatzeko prozesuan, komunitateko bizitza berrezartzen laguntzeko eta biktimei erreparazio publiko eta soziala emateko, indarkeria matxistaren biktimen eta bertatik bizirik atera diren pertsonen inguru hurbilenean. Horri dagokionez, nabarmentzekoa da biktimen mugimendu-askatasunaren falta, estigmatizazioa sorrarazten duelako; izan ere, polizia-zaintza eta segurtasuna haiei aplikatzen zaizkie, eta ez erasotzaileei.

Horren ildotik, Berdinsareako (Berdintasunaren aldeko eta emakumeekiko indarkeriaren aurkako Euskadiko udalen sarea) udal berdintasun-teknikarien lana oinarrizkoa eta balio handikoa da, udaletan ekintzarako orientazioa eta baterako irizpideak eskaintzeko, batez ere udal txikienetan. Hain zuzen, erreparazioari dagokionez, Indarkeria matxistaren biktimei erreparaziorako tokiko ekintzen gida bat prestatzeko lanean ari dira, gure Udalak indarkeria matxistaren biktimek ordaina jasotzeko duten eskubidea praktikan jarri eta zehaztu ahal izan dezan, gure udal eskumenen esparruan.

Sestaoko Udalekook konpromiso politikoak betetzeko jardun nahi dugu, eta, horren bidez, indarkeria matxistaren modu guztiak desagerrarazten lagundu; horretarako, honako hau egingo dugu:

  • Biktimen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jarriko ditugu, euren beharrizan eta eskariei entzunez eta arreta emanez.
  • Langile espezializatu eta kualifikatuak edukiko ditugu, erreparazioaren ikusmoldetik, ikuspegi feministarekin; hala, Udalean politika integralak eta partaidetzarako politikak garatzen jarraituko dugu.
  • Erreparazioko eta ahalduntzeko esku-hartze prozesu guztietan, kudeaketa eta azkartasuna bermatzeko lan egingo dugu.
  • Zerikusia duten erakunde guztiekin koordinatuko gara, arreta eta erreparaziorako baliabideak egituratzeko, indarkeria matxistaren biktimen egoera erabat lehengoratuko dela eta urratutako eskubideak berrezarriko direla bermatzeko.
  • Biktimek egiten dituzten salaketa eta erreklamazio guztiak babestuko ditugu; horretarako, euren testigantza legitimatuko dugu eta Udala herri-akusazioa izango da indarkeria matxistaren arloko egitate guztietan.
  • Sestaoko talde feministekin eta emakumeen elkarteekin modu estuan lankidetzan arituko gara, berdintasun-politikak eta ekintzak diseinatzeko, biktimei eta bizirik atera diren pertsonei arreta eta erreparazioari dagokionez.
  • Gazteekin eta gizonekin batera berariaz eta zeharka hainbat alderdi landuko dugu, adibidez afektibitatea, harremanak izateko moduak, maskulinitate-ereduak, genero-rolak gainditzea eta berdintasuna, eta xede horrekin programak aktibatuko ditugu.
  • Bultzatu egingo dugu eskumena duten erakundeek haurrak eta nerabeak indarkeria matxistaren biktima gisa onar ditzatela eta halakotzat babes ditzatela, indarkeria hori familia barruan gertatzen denean.
  • Sestaoko Udalekook borroka feministarekiko konpromisoa berresten dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eratzeko bidea eta tresna nagusia den aldetik.
  • Era berean, gure udalerrian A25 dela-eta antolatuko diren salaketa- eta aldarrikapen-ekintzekin bat egiten dugu, eta herritar guztiei dei egiten diegu horietan modu aktiboan parte har dezaten.

EAJ-PNV / PSE-EE / EH Bildu / Podemos-Equo