Albisteak

 

Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko udalek, euren Euskara Sailen bidez, kanpaina bat jarri dute abian, herrietako arrandegietan euskararen erabilera sustatzeko helburuz. Barakaldon, berriz, urte batzuk dira honen antzeko ekimen bat egiten dutela.

Horrela bada, udalek euskarriak eta baliabideak eskaintzen dituzte, euskarak herrian presentzia handiagoa izan dezan. Oraingo honetan, hizkuntza paisaian eragin nahian, arrain eta itsaskien irudiak eta izenak euskaraz eta gaztelaniaz dituen kartel bat banatu dute. Kartela arrandegietan erakusteko da, hots, bezeroen begi-bistan jartzeko eta, horrela, arrain-itsaskien izenak hizkuntza ofizial bietan ezagutzera emateko.

Guztira, Portugaleteko 18 arrandegik eta Sestao eta Santurtziko beste hainbestek  jaso dute materiala. Esan bezala, aipatutako udalen Euskara Sailek antolatu dute kanpaina hau, urteak baitaramatzate lanean udalerriotako hizkuntza normalizazioaren alde; hain zuzen ere,  Barakaldoko Euskara Sailarekin batera, lankidetzan dihardute Ezkerraldeko lau udalerriek, euskarari dagozkion hainbat gairen lanketan.

Arrandegietan begi onez hartu dute ekimena, kartelek, euren saltokietako produktuen irudi ikusgarriak erakutsi ez ezik, hizkuntza paisaia euskaldundu ere egiten dutelako.