Albisteak

 

Larrialdi Klimatikoa datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatzera etorri da, gure ongizatearentzako mehatxu nagusienetarikoa baita, benetako zibilizazio erronka bat. Mundu mailako eta Euskal Herriko egoera eta joerak ez du baikortasunerako tarte handiegirik uzten, are gutxiago geldotasunerako. Gazteentzako dagoeneko kezka nagusia bihurtu da, ez bakarrik larrialdia, baita gaiari ematen zaion erantzun politiko eskasa ere.

Azken urte luzeetan komunitate zientifikoak aldaketa klimatikoaren bilakaeraren inguruko abisuak eta jakinarazpenak igorri ditu. Aldaketa klimatikoa, Berotegi Efektuzko Gasen isuri masibo baten ondorioz gertatzen ari da, eta isuri horien arrazoi nagusia, bakarra ez bada ere, gure metabolismo sozioekonomikoa mantentzeko erretzen ditugun baliabide fosilen erabilpenean datza. Aldaketa klimatikoa, beraz, guk eragiten dugu nagusiki, eta dagoeneko ondorioak atzematen hasiak gara.

Urtez urte argitaraturiko txostenetan, egoera kaskartzen ari denaren zantzuak ditugu. Nazioarteko hainbat erakunde eta lantaldeek argitaratzen dituzten txostenetan gero eta argiago esaten da klima eta energia politiketan, eta ondorioz gure egunerokotasunean, eraldaketa sakon bat, iraultza bat, eman behar dela, baldin eta egoerari aurre egin nahi baldin badiogu eta aldaketa klimatikoaren efektu bortitzenak pairatu nahi ez baditugu. 2018ko urrian, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak, plazaraturiko txosten berezi batean, tonua altxa zuen indarrean dauden politikek behar besteko anbiziorik ez dutela salatuz, eta elektrizitatearen, nekazaritzaren, garraioaren eta industriaren sektoreetan aurrekaririk gabeko aldaketak eskatuz.

2018ko azaroan, Nazio Batuen Ingurumen Panelak aditzera emandako txostenak egoera larria dela ohartarazten du, esfortzuak areagotzen ez badira hondamendira goazela azpimarratuz.

Gaia bere osotasunean ikusirik, argi dago ataka batean gaudela eta orain arte proposatu eta egindakoa berraztertu beharrean gaudela. Ahal dela, eta industria iraultza aurretiko egoerarekin alderatuta, 1,5ºCko tenperatura igoera ez gainditzea helburutzat zuen 2015eko Parisko Akordioa betetzeko, orain arte emandako pausoak guztiz ez-nahikotzat jo beharrean gaude.

Hasieran genion bezala, zibilizazio erronka baten aurrean gaude, eta aurrez aurre Jaurlaritzaren eragin esparru eta ahalmenak gainditzen dituen lanak baditugu ere, egoerak partekaturiko esfortzu bat eskatzen du.

Gure ustetan, ipar orratza ahalik eta azkarren karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri baterantz begira jarri beharrean gaude, eta horretarako ezinbestekoa da eraldaketa azkar eta eraginkorrak egitea. Prozesu honek gure jendartean inplikazio anitz eta sakonak ekarriko ditu, bai ehun produktiboan, bai mugikortasunean, bai lurralde antolamenduan eta abar, horregatik deritzogu pausu azkar eta eraginkorrak ematea ezinbestekoa dela.

Erakunde-adierazpena honen bitartez, egoeraren larritasuna aitortzea dugu helburu, Larrialdi Klimatikoari behar besteko arreta ipintzeko asmoarekin, aurrerantzean politika publiko guztiak Larrialdi Klimatiko egoeraz kutsa daitezen.

DEKLARAZIO INSTITUZIONALA

1.Sestaoko Udalak konpromiso hau hartzen du: egokiak diren konpromiso politikoak hartuko ditu, beharrezkoak diren xedapenak onartuko ditu, eta baliabide zehatzak bideratuko ditu Sestaon karbono-neutraltasuna bermatzeko, trantsizio ekologikoak horretarako aukera eman bezain laster, eta betiere 2050. urtea baino lehenago.

2.Sestaoko Udalak, Klima-aldaketari buruzko Euskal Autonomia Erkidegoko etorkizuneko Legearekin bat etorriz, eta bere eskumenen barruan, Klima-ekintzako Tokiko Plan bat ezarriko du, eta horretarako kontuan hartuko du Klima-aldaketaren aurkako Euskadiko Estrategia, Klima 2050 izenekoa, bai eta Euskadiko Klima-ekintzarako Plana ere. Plan horrek aurreikusiko du bere eskumeneko plangintza sektorialeko eta lurralde-plangintzako jarduketa guztietan klima-aldaketa arindu beharra eta klima-aldaketari egokitu beharra, kontuan hartuta berotegi-efektuko gasen emisioak eta klima-aldaketaren ondorioz jasaten diren arriskuak.

3.Ekintza-plan horrek abiapuntu hartuko du klima-aldaketa sorrarazten duten faktore guztien diagnostikoa, baldin eta faktore horiek udalaren eskumenekoak badira; diagnostiko hori 14 hilabeteko epean egingo da. Herritarren ekarpenak kontuan hartuko dira diagnostikoa egiteko; horretarako, 2020an partaidetza-prozesu bat abian jarriko da.

4.Bien bitartean, Sestaoko Udalak klima-krisia arintzen lagunduko duten ekintzak abian jarriko ditu, irmotasunez. Halaber, Sestao udalerria klima-aldaketari egokitzen lagunduko duten ekintzak sustatuko ditu.

5.Sestaoko Udalak beste konpromiso hau hartzen du: arlo publikoaren eta pribatuaren eta lurraldeko ekonomia-sektoreen arteko lankidetza sustatuko du, ingurumenarekiko konpromisozko neurriak hartzeko, hala lagunduko baita klima-krisia arintzen eta CO2 emisioak murrizten, Sestaon karbono-neutraltasuna lortze aldera. Horrez gain, helburu horiek lortzen lagunduko duten erakundearteko akordioak bultzatuko ditu.

6.Sestaoko Udalak pertsonen eta erakundeen hezkuntza, sentsibilizazioa eta gaitasuna hobetzeko konpromisoa hartzen du helburu hauekin: klima-aldaketa arintzea, klima-aldaketari egokitzea, klima-aldaketaren ondorioak murriztea eta herritarrei arriskuen berri nahiz arrisku horien aurrean egin beharrekoen berri ematea.

7.Sestaoko Udalak tokiko administrazioaren jarduera eredugarriaren alde jokatuko du klima-larrialdiaren aurrean, eta jokaera hori agerian jarriko da bere eskumenen eta bere jardueran funtsezkoak diren sektoreen barruan.

EAJ-PNV  PSE-EE   EH BILDU  PODEMOS EQUO