Albisteak

 

Alkatea, Josu Bergara: “langabeziak nabarmen jarraitzen du behera egiten –% 8 gutxiago azken urtean– eta lana bilatzen dutenentzat aukera berriak sustatzen ditugu”.
Enplegu eta Gazteriako sailburuordea, Marcos Muro: “Herriaren gizarte-kohesioa eta garapena hobetzea da xedea”

Sestaoko Udalak enplegu-plan berria abian jarri du Eusko Jaurlaritzako Lanbidek lagunduta, 1,6 milioi euroko inbertsioarekin; 113 kontratazio eskainiko ditu plan horrek. Josu Bergara alkateak zehaztu duenez, “azken aldi honetan langabeziak nabarmen jarraitzen du behera egiten –% 8 gutxiago azken urtean–, baina Sestaoko Udalarentzat, oraindik langabezian daudenak aktibatuko dituzten eta haientzat aukera berriak eskainiko dituzten programak abian jartzea ildo estrategikoa da, eta legegintzaldi berrian ildo horri jarraitu behar zaio”.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Murok esan duenez, “udalerriak Lanbideren laguntzaz garatuko duen enplegu-plan berri honen bidez 113 lagun kontratatuko dira administrazio biek konpartitutako 1.575.000 euroko inbertsioari esker. Eusko Jaurlaritzak eta udalerriek enplegurako sustatzen dituzten ekintza horiek eragin positiboa dute gure herriaren gizarte-kohesioa eta aurrerabide ekonomikoa hobetzeko”.

Enplegu-plan berria Lanbidek sustatutako laguntza ekonomikoen hiru deialdik osatzen du. Josu Bergara alkateak zehazten duenez, “lehenengoz, 2019. eta 2020. urteetarako enplegu-plana dago. Plan horrek 844.733 euroko partida ekonomikoa dauka eta 50 lagunen aldi baterako kontratazioa bultzatzen du. Programa horrekin batera beste enplegu-plan bat dago, Eusko Jaurlaritzak Ezkerraldea eta Meatzaldea eskualdeak suspertzeko planaren bitartez sustatzen duena, zona honek Euskadiko beste eskualde batzuen aldean jasaten dituen desberdintasunak murrizteko. Kasu honetan, Udalak 18 pertsona zuzenean kontratatuko ditu, eta beste 40 pertsona langabetu kontratatzeagatik enpresei laguntzeko plan bat garatuko du; hala, guztira 58 kontratazio izango dira. Hori guztia 506.434 euroko inbertsioarekin.

Sestaoko enplegu-planaren hirugarren oinarriaren bitartez 30 urtetik beherako bost gazte kontratatu ahalko dira, eta horretarako 224.390 euroko inbertsioa egingo da.

Izen-ematea
Sestaoko Udalak eta Lanbidek diseinatu duten enplegu-plana, orain abian jarri behar den hori, hainbat fasetan beteko da, inplikatuta dauden langileentzat errazagoa izan dadin izangaiak hautatzea eta haiei elkarrizketa pertsonala egitea. Irailaren 20tik 26ra bitartean lehenengo faserako izena emateko epea irekita egingo da. Lehenengo fase horretan guztira 32 plaza eskainiko dira.

Lehenengo fase honetan honako ekintza hauek egingo dira: Kirol jarduera sustatu eta hobetzeko plana (4 kontratazio), Adinekoei eta mendetasuna duten pertsonei laguntzeko zerbitzua (12 kontratazio), Modernizazioa, gardentasuna eta herritarren partaidetza (kontratazio bat), Gazteen artean berdintasuna sustatzea eta indarkeria sexista prebenitzea (kontratazio bat), Udal agiritegien kudeaketa (9 kontratazio), Lan-arloko kudeaketa, enpleguko tokiko ekintzetarako laguntza (kontratazio bat), Kudeaketa-programak garatzeko zerbitzu informatikoa (kontratazio bat), Udaltzaingoan hirugarrenentzako datuen kudeaketa informatikoa egitea (2 kontratazio) eta Elkarreragingarritasuna eta espedienteen kudeaketa (kontratazio bat).

Bigarren fasea azarorako aurreikusita dago. Fase horretan enplegu-arloko hainbat ekintza sartuko da, hiri-bilbea hobetzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta eremu publikoak pintatzeko jarduketa txikiak egingo dituzten ofizialen eta peoien kontrataziorako. Guztira 32 lanpostu izango dira.

Hirugarren fasea, azkena, urtearen amaieran helduko da. Kasu horretan bost lanpostu eskainiko dira 30 urtetik beherakoentzat, honako programa hauetan: Txabarri auzoan bizikidetza sustatzeko komunitate-programa (3 plaza), Tokiko Agenda 21 programa (plaza bat) eta Euskarazko laneko euskarriak ezartzeko programa (plaza bat).

Konpromisoa enpleguarekin
Sestaoko alkate Josu Bergarak uste duenez, “langabeziaren aurka ekitea da udal gobernuaren lehentasunik handiena; horretarako, enpresa berriak udalerrira etor daitezke, edo bestela, hainbat ekintza abian jarri enplegagarrritasuna sustatzeko eta pertsonentzako lan arloko aukerak sortzeko, horren adibidea gaur aurkezten den enplegu-plana dela”.

Horren haritik, alkateak nabarmendu duenez, Udalak “482.974 euroko diru-ekarpena egingo du lan arloko plan hori besterekin batera finantzatzeko; zenbateko garrantzitsua da, eta horrek agerian jartzen du gobernu honek enpleguarekin eta pertsonekin hartua duen konpromisoa”.

Muro sailburuordeak nabarmendu egin ditu Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak egin dituzten ekimenen emaitza onak; halako ekimenetako bat da Gaztelan programa, Sestaon gazteen enplegua sustatzekoa. Programa horren bidez, enplegurako prestakuntzako ikastaroak egin zituzten parte-hartzaileen artean 65 lagun lan-egoera aktibora pasatu ziren.