Albisteak

 

Sestaoko Udaleko Hezkuntza Arloko zinegotzi Paco Gorrotxategik aurten Udalaguntza programaren laguntzarekin Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan egingo diren jarduketen berri eman du.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ekimen honen helburua da Udalaren titulartasunekoak diren ikastetxeetan –Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan– udalek egiten dituzten eskaerei erantzutea.

Programa horren bidez, % 60ko diru-laguntza emango zaie ikastetxeetan gauzatzen diren mantentze-jardueretarako. Gainerako % 40a, berriz, udalek emango dute.

Aurten, guztira, 7 jarduketa egingo dira, 142.000 euroko balioan. Horietatik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 85.401 euro ordainduko ditu.

Albiz ikastetxe publikoan egingo den jarduketan, 22 leiho aldatuko dira. Horretarako, 22.627 euroko inbertsioa egingo da. 22 leiho horiek oraintxe bertan fabrikazio-prozesuan daude, eta momentuz 4 besterik ez dira jarriko pasilloetan. Gainerakoak, berriz, amaituta daudenean jarriko dira.

Kueton apustu garrantzitsua egingo da argiak berritzeko eta gaur egungoen ordez LED motako 128 argi jartzeko. Guztira 29.486 euroko inbertsioa egingo da.

Horrez gain, beheko solairuan segurtasun aldetik gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten 13 ate aldatuko dituzte, horretarako 13.130 euroko inbertsioa eginez.

Beste jarduketa baten bidez, bizi-lerroak jarriko dira patioaren estalkian, mantentze- edo garbiketa-lanak egitera igotzen diren beharginak horiei lotu ahal izateko, eta, horrela, gerta daitezkeen istripuak saihesteko. Jarduketa honetarako, 8.718 euroko inbertsioa egitea aurreikusi da.

Vista Alegre ikastetxe publikoan, azken urteotan egiten ari diren leiho-aldaketaren prozesuarekin jarraituko du Udalak. Aurten, 6 leiho aldatuko dituzte pasilloetan, eta 3 leiho ikasgeletan. Horretarako, 13.456 euroko inbertsioa egingo da.

Bestalde, LED motako 161 argi jarriko dituzte, 37.897 euroko inbertsioaren bidez, ikastetxean argiteria eraginkorragoa jartzeko asmoz.

Azkenik, lauzadura zaharberritzeko lanei ekingo diete bigarren solairuko pasilloan. Horretarako, 17.019 euroko inbertsioa egitea aurreikusi da.