Albisteak

 

Sestao Berri Sozietate Publikoak (Eusko Jaurlaritzak eta Sestaoko Udalak osatzen dute % 50ean) Txabarri-El Sol inguruan auzoko berogailua edo district heating delakoa instalatzeko obrei ekin die. Proiektua egurrezko pelletekin elikatuta egongo den galdara ekologiko bat jartzean datza. 2019. urte amaierarako, berogailua eta ur beroa banatuko du 250 etxebizitzetan.

Sestao Berri sozietate publikoak bultzatu du, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Sestaoko Udalak babestuta. Auzoko berogailu honek, era berean, EU GUGLE europar programaren laguntza izan du, eta berau instalatzean, energia nabarmen aurrezteaz gain, onura handia ekarriko du ingurumenerako. Ildo horretan, kalkulatzen da biomasa-galdara horri loturiko etxebizitzek energiaren % 30 aurreztuko dutela.

Hala, etxebizitza guztiak hornituko dituen galdara-gelaren instalazioa ezkutuan eta babestuta geratuko da Vicente Díez parkean. Auzoko berogailua jartzearen batera, egungo sistema tradizionalak erabiltzen dituen banako gas-berogailuak kenduko ditu, eta horien ordez ingurumena errespetatzen duen sistemari emango zaio bide, erregai gisa biomasa erabiltzen duen sistemari, alegia. Obrek 1,8 milioi euroko prezioa dute. Prezio horri BEZa eta obraren zuzendaritzak gaineratuta, zenbatekoa, guztira, 2,4 milioi eurokoa da.

Txabarri-El Sol inguruan auzoko berogailua edo district heating eraikitzeko, bi kontratu egin dira.

Alde batetik, Sestao Berrik 650.000 euroan esleitu dio BYCAM enpresari galdara jasoko duen ontziaren eraikuntza-lana. Lan horiek otsailean hasi dira, eta abuzturako amaituko dira. Lanak finantzatzeko, Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro emango ditu, eta Udalak, 150.000 euro.

Beste alde batetik, TECMAN enpresari esleitu zaio, 1,2 milioi euroko zenbatekoan, galdara jartzea, martxan jartzea eta mantentze-lanak egitea xede duen kontratua. Bi urteko iraupena izango du, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Martxoaren 11n hasiko dira lanak, eta azarorako amaituta egon beharko dute. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak 850.000 euro jarriko ditu, Udalak 150.000 euro, eta EU GUGLE europar proiektuak 100.000 euro. Halaber, espero dute Energiaren Euskal Erakundeak gutxi gorabehera beste 100.000 euroko diru-laguntza ematea.

Lehen faseak, guztira, 250 etxebizitza hartuko ditu district heating delakoan; zehazki, Txabarri, Los Baños, Juan Crisostomo Arriaga, Autonomia eta Bariega kaleetakoak. Nolanahi ere, instalazioa prest utziko da gerora auzoko beste 200 etxebizitza gehiago hartzeko.

Proiektu honekin loturiko etxebizitzek informazio-taula eta aurreordainketa-txartela izango dituzte bertan bizi direnek kontsumoa kontrolatu eta berogailuaren erabilera erregulatu ahal izan dezaten. Hala, hileko edo eguneko kontsumoa kudeatu ahal izango dute. Sestao Berrik energia eraginkortasunari buruzko ikastaroak emango ditu, baliabide horien erabilera ahalik eta gehien aprobetxatu ahal izateko.