Albisteak

 

Sestaoko Behargintzak ekintzailetza-programa bat jarriko du martxan enpresa-ideia bat garatu nahi duten edo negozio berri bat martxan jartzeko urratsa ematen duten guztiei.

Urtero bezala, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko diru-laguntzen deialdia onartu dute 2018-2019 aldirako, ekintzailetzaren tokiko proiektuen esparruan. Sestaoko Udalak, Behargintza Zentroaren bitartez, proiektuaren erakunde laguntzaileetako bat izendatu du, eta, beraz, 13.000 euroko diru-laguntza jasoko du proiektu hau garatzeko.

Lanbidek aurten Behargintzari 12 pertsonarekin lan egiteko aukera eman dio; hamar, enpresa-ideia bat garatzeko programan, eta bi, enpresa-jarduera berriak martxan jartzeko programan.

Hona hemen Sestaoko Behargintzari esleitu zaizkion lekuak, sexu eta adinaren arabera:

 

Esleitutako lekuak
Programa < 30 urte (emakumeak) < 30 urte (gizonak) ≥ 30 urte (emakumeak) ≥ 30 urte (gizonak)
Enpresa-idea berriak

2

2

3

3

Enpresa-jarduera berriak

1

1

0

0

 

Enplegu Zerbitzuak ezarritako baldintzen arabera, lehenengoek 1.000 euroko laguntza eskuratu ahal izango dute enpresa-ideia bat garatzeko. Negozio berria sortzeko urratsa ematen dutenek, berriz, 1.500 euroko diru-laguntza jasoko dute. Zenbateko horiek % 15 areagotuko dira ekintzailea emakumea baldin bada, eta beste % 15, parte-hartzailea 18 urtetik 30 urtera bitartekoa bada.

Ekintzailetza programa, edozein aldaeratan izanik ere, Sestaon erroldatuta eta langabezian dauden pertsonei bideratuta egongo da. Ikastaroek bi hilabeteko iraupena izango dute, eta martxoaren 6tik maiatzaren 5era bitartean egingo dira. Interesdunek martxoaren 4ra arteko epea dute (eguerdiko 12:00ak arte) Udal Erregistroan izena emateko.

Parte-hartzaileak aukeratzean, kontuan hartuko dira honako hauek: sustatzaileen egokitasun-maila, bateragarritasuna eta haien ideia, zenbat denbora daramaten langabezian eta bideragarritasun-plana edo negozio-ideia.

Enpresa-ideia berriak garatzeko programaren helburua da, edozein jarduera-adarretako negozio-ideian oinarrituta, ekintzaileak analisia egitea eta bideragarritasun-plana garatzea, ondoren Behargintzan aurkezteko, baliozkotzat jo dadin.

Era berean, enpresa-jarduera berriak martxan jartzeko programaren helburua da sustatzaileak, definitutako negozio-ideia batetik eta garatutako bideragarritasun-plan batetik abiatuta, enpresa edo negozio hori sortzeko beharrezkoak diren urratsak ematea eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea.

Edozein informaziorako Behargintza Zentrora jo daiteke, edo, bestela, Behargintzaren web orria kontsultatu. Bertatik, aurkeztu beharreko dokumentazioa, laburpena eta dagokion araudia jasotzen dituen eskabide orriak deskarga daitezke.