Albisteak

 

Flori Nuñez Gizarte Ekintza eta Adinekoak Arloko zinegotziak adierazi du bere arloak ia 6,5 milioi euroko aurrekontua kudeatuko duela 2019. urtean; hau da, % 7,8 gehiago 2018koarekin alderatuta, 6 milioi euro izan zituen eta. Kontu horiei esker, Sestaoko Udalak azken urteotan pertsonen babeserako martxan jarri dituen programa guztiei eutsiko die eta Juan Ellacuria udal egoitzako plantilla indartuko du. Hala, beste hiru laguntzaile egongo dira mendetasun-maila handiagoa duten pertsonak egoteak dakarren lan-kargaren igoerari aurre egiteko.

Prentsaurrekoan, Nuñezek azpimarratu du gizarte-ekintzako eta adinekoen babeserako politikak “Gobernu Talde honentzat lehentasuna izan direla krisialdiaren urterik zailenetan, eta hala izaten jarraituko duela 2019an; izan ere, Udala da pertsonengandik hurbilen dagoen erakunde publikoa, eta uste dugu han egon behar dugula zailtasunak daudenean laguntzeko”. Horren froga da Gizarte Ekintza eta Adinekoak izatea aurrekontu gehien duen bigarren arloa, Hirigintza, Etxebizitza, Zerbitzuak eta Ingurumena Arloaren atzetik. Aurten kudeatuko dituen 6,5 milioi euro horiek Udalaren aurrekontu osoaren % 16,6 osatzen dute, guztira 38,9 milioi euro.

Konpromiso horri esker, sailak azken urteotan martxan jarritako programa guztiei eutsiko die. Are gehiago, horietako batzuetan, zenbatekoa hobetuko da.

Adibide batzuk ematearren, bakarrik bizi diren adineko pertsonen etxeetan su-detektagailuak instalatzeko eta mantentze-lanak egiteko programan, 2018ko aurrekontuan baino 10.000 euro gehiago egongo dira. Zahartze aktiboaren programek iaz baino 6.000 euro gehiago izango dituzte, baita mendekotasunak prebenitzeko programak ere, 8.000 euro gehiago izan baititu. Era berean, udal arlo guztietarako ezarritako irizpideari jarraikiz, % 10 areagotu da udalerrian gizarte-arloko proiektuak sustatzen dituzten erakundeei diru-laguntzak emateko deialdia.

Etxean laguntzeko zerbitzua (alderdi ekonomikoari begira, hau da saileko programa garrantzitsuena) iaz bezala mantenduko da, 1,3 milioi euro baino gehiagorekin. Taper Solidarioaren programari ere eutsi egingo zaio. Aunar Fundazioak bideratzen du proiektua hitzarmen bidez, eta aurten ere 20.000 euro izango ditu baliabide gutxi dituzten udalerriko familiei janari prestatua eta izoztua emateko.

Gizarte larrialdietarako laguntzak emateko aurrekontu-partida handitu egingo da: 2018an, 530.000 euro egon ziren, eta, aurten, 700.000 euro jarri dira. Helburua da Gobernu Taldearen konpromisoa betetzeko urte amaiera guztietan egin behar diren kreditu-aldaketak saihestea, baldintzak betetzen dituen familia bat ere gera ez dadin prestazio horiek jaso gabe kreditu-faltagatik.

Irizpide hori bera erabili da “Beharrizana duten familientzako beste laguntza batzuk” izeneko partidan, 30.000 eurotik 50.000 eurora igo da eta. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan jasota ez dauden kasuetarako erabiltzen da.

Flori Núñezek gogorarazi du Bizkaiko Abokatuen Elkargoarekin hitzarmena dutela etxegabetzeren bat izan dezaketen familiei lege arloko laguntza emateko, eta mendetasuna duten pertsonen zaintzaileei zuzendutako ekintzetarako. Azken programa horrek interes handia piztu du 2018an.

Azkenik, Juan Ellacuria udal egoitzak 2,6 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du. Ekitaldi honetarako nobedade nagusia izango da egungo plantilla handitzea; izan ere, beste hiru laguntzaile egongo dira adineko pertsonen arreta hobetzeko, 2. eta 3. mailako mendetasuna dutenen kopuruak gora egin baitu. Era berean, eraikinean mantentze-lanak egiteko partidan ere 10.000 euro gehiago jarri dira beste hobekuntza batzuei aurre egiteko, eta beste 1.000 euro (2018. urtearekin alderatuta) makinak erosteko.