Albisteak

 

Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok eta Sestaoko alkate Josu Bergarak Lanbideren eraikinean (Galindo Bidea kalean) aurkeztu dute Lanbide Heziketako Zentro Bateratua sortzea xede duen proiektua.

Jarduketa hori Talka Planaren barruan sartuta dago. Eusko Jaurlaritzak onartu zuen, Ezkerraldea eta Meatzaldea eskualdeei bultzada emateko. Zehazki, LHko zentro honen irekiera plan horren 13. neurria da, eta inguruan prestakuntza eskaintza indartzeko beharrarekin lotuta dago, gazteei eta langabetuei zuzendutako prestakuntzan egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko asmoz.

Lanbide Heziketako Zentro Bateratu hau erreferentziazko gunea izango da Euskadin. 2018-2019 ikasturtean sortu da, baina hedapen handia izango du 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetan. Prestakuntza eskaintzak honako hauek izango ditu ardatz: industria 4.0, soldadura, galdaragintza eta eraikuntzaren sektorea.

Irailean hasi ziren jarduerak, Sistema Mikroinformatikoak eta Sareak erdi-mailako graduarekin, eta, datorren ikasturtean, eskaintza zabalduko du Sareko Sistema Informatikoen Administrazioa goi-mailako graduarekin.

Soldadura eta galdaragintza curriculum lerroari dagokionez, Arévalok esan du Euskadin profil profesional horien eskaera handia dagoela, eta Eusko Jaurlaritzak kalkulatzen duela datozen urteotan are handiagoa izango dela eskaera. Hori dela eta, Udalak eta Hezkuntza Sailak prestakuntza-ibilbide bat diseinatu dute. Oinarrizko Lanbide Heziketarekin hasiko litzateke, eta Rebonza ikastetxe zaharretik Lanbideren eraikinera lekualdatuko da. Ondoren, Soldadura eta Galdaragintza erdi-mailako gradua jarriko da martxan 2019-2020 ikasturtean, eta Egitura Metalikoak goi-mailako graduak osatuko du prestakuntza. Azken hori ikasleen aldetik eskaera dagoenean egingo da.

Azkenik, eraikuntzaren sektorearekin loturiko prestakuntza-eskaintza osoa egongo da. Prestakuntzak eraikinen zaharberritze eraginkorra izango du ardatz, baita Euskadin etxebizitza adimendunak eta domotika garatzea ere. Hau da, eraikuntzan aplikatzen diren teknologia berrietara egongo da bideratuta.

Horretarako, 2019-2020 ikasturtean, Lan Arriskuen Prebentzioa goi-mailako graduari ekingo zaio. Eta, urtebete geroago, 2020-2021 ikasturtean, Eraikuntza-teknikaria eta  Barnealdeetako, dekorazioko eta birgaitzeko obretako teknikaria erdi-mailako graduak iritsiko dira, baita Eraikuntza-lanen antolaketa eta kontrola goi-mailako gradua ere