Albisteak

 

Emakumeen aurkako indarkeria mundu osoko emakumeen giza eskubideen urraketa larria da, genero desparekotasunaren adierazpen muturrenetako bat. Urtero bezala, azaroaren 25a Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren testuinguruan, Sestaoko Udalak berriro ere adierazi nahi du emakumeen aurkako indarkeria ororen erabateko gaitzespena, eta, era berean, indarkeria sexistarik gabeko gizartea eraikitzeko konpromiso instituzionala hartu nahi du.

Egun honen harira, bereziki nabarmendu nahi dugu kezkagarria iruditzen zaigula oso, emakume gazteek bizi duten indarkeria sexistaren errealitatea. Jasotako datuen arabera, Sestaon, 2017an, indarkeria sexista jasaten ari ziren 30 urtetik beherako 29 emakumek jo zuten indarkeriaren biktimei arreta emateko zerbitzu publikoetara (Ertzaintzara, Osakidetzara eta Sestaoko Udal Zerbitzuetara). Hau da, arreta jaso zuten kasuen ia % 30 osatzen dute. Datu horrek adierazten du emakume gazteek gero eta gehiago jotzen dutela horrelako baliabideetara laguntza bila. Era berean, agerian uzten du gaitz hau desagertzear egon beharrean, gazteen artean behin eta berriz gertatzen ari dela. Errealitate horrek mezu argia uzten digu: egindako lana eta lortutako aurrerapenak gorabehera, martxan jarritako neurriak oraindik ere ez dira nahikoak. Arazoarekin behin betiko amaitu nahi badugu, errotik heldu behar diogu gaiari, eta egungo balio-sistema aldatu: emakumeen bazterkerian eta sexismoan oinarritutako sistematik, berdintasunean eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako sistemara. Horretarako, behe-behetik lan egin behar da, haurtzaroko lehen urteetatik, berdintasunean oinarritutako heziketa emanez emakumeen aurkako indarkeria saihesteko modu gisa.  

Egiturazko indarkeria dugu, eta herritar guztien konpromisoa ez ezik, erantzun instituzional osoa behar da. Horrenbestez, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei eta indarkeria horretatik bizirik atera direnei arreta emateko zerbitzu publikoak bermatzeaz gain, esku hartzeko plano guztietan proposatu behar dira jarduketak: Prebentzioan, Detekzioan, Arretan, Babesean, Koordinazioan, Justizian eta Erreparazioan. Horrez gain, indarkeria sexistaren biktimei eta biktima horien elkarteei ahotsa, protagonismoa eta zilegitasuna eman behar zaie. 

Beraz, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren esparruan, Sestaoko Udalak konpromiso irmoa adierazi nahi du honako hauek bultzatu eta indartzeko:

  • Prebentzio, detekzio eta koordinazio ekintzak, indarkeria sexistaren kasuak ikusarazteko eta horietan esku hartzeko, bereziki hezkuntzan, jai-esparruan eta zuzenean gazteekin lan egiten duten eragileekin.
  • Prestakuntza- eta koordinazio-ekintzak prebentzioan eta esku-hartzean parte hartzen duten eragileekin, erantzun eraginkorra, azkarra eta osoa eman ahal izateko.
  • Emakumeak txikitatik ahalduntzeko eta haien autonomia bultzatzeko ekintzak, indarkeria saihesten eta horren aurka esku hartzen laguntzeko.
  • Indarkeria sexistaren biktimen aintzatespena eta erreparazioa bultzatzeko ekintzak.
  • Udalaren konpromiso ekonomikoa indartzea, programatutako ekimenak aurrera eraman daitezen.
  • Gizarteari deialdia egin, bai Udalak zein Elkarteek antolatzen dituzten ekimenetan parte hartze aktiboa izan dezaten.