Albisteak

 

La Naval ehun urte baino gehiagoko historia duen ontziola da, eta egoera bereziki zailean dago; izan ere, enpresaren likidazio-prozesuari hasiera ematea eskatu da, eta horrek egoera benetan korapilatsua ekarri du, ia ixteko zorian egotea eragin du eta.

Egoera horren ondorioz, Ezkerraldean arriskuan daude 3.000 lanpostu inguru, zuzenak eta zeharkakoak. Hala, kalte handiak eragingo ditu alderdi sozioekonomikoan, eta, era berean, ontziolen eraikuntzarekin loturiko ezagutza tekniko garrantzitsuak eta berreskuraezinak galtzeko arriskua ekarriko du.

Sestaoko Udalak gizarteari, zerikusia duten erakunde publikoei nahiz pribatuei, eta parte-hartzea izan duten alderdi guztiei eskatzen die ahalik eta erantzukizun eta inplikazio handienarekin joka dezatela Sestaoko La Navalek une honetan duen egoerari irtenbiderik onena bilatzeko.

Epe laburrera begira, ontziolak biziraun ahal izateko, ziurtatu egin behar da 347 draga-ontzia eraikitzea. Horretarako, inbertsore bat bilatu behar da, eta beharrezkoak diren bermeak eman behar dira Van Oord enpresak ontziaren eraikuntza-lana amaitu dezan, aurreikusitako baldintza tekniko eta ekonomikoekin nahiz eta aldi baterako baldintzekin bat etorriz.

Hori dela eta, Sestaoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen hau adostu du:

1.- Berriro ere azpimarratu nahi dugu une latz hauetan erabateko babesa eman nahi diegula La Navaleko langileei eta enpresa laguntzaileei.

2- Van Oord enpresari eskatzen diogu Sestaon 347 draga-ontzia amaitzeko konpromisoa bete dezala, eta, horrela, ontziolan beste 20 hilabeterako lana bermatzea.

3- Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diegu La Navaleko akzioetan sartzeko bazkide inbertsore berriak bilatzeko lanak areagotzea eta babes ekonomikoa ematea, Europako legeriarekin bateragarriak diren laguntzen bidez, edota enpresaren akzioetan parte hartuz.

4- La Naval kokatuta dagoen eremuko lurrei, edozein higiezin eragiketa espekulatzaile egiteko helburuarekin, bestelako kalifikazio bat emateari atea ixten diogu, era honetan industria-lurzoru kalifikazioa mantentzen jarraitzea bermatuz.

5- Era berean, gure nahia adierazten dugu enpresak bere jarduera ahalik eta azkarren berreskura dezan eta likidazio-prozesua bertan behera gera dadin.

6- Ontzigintza funtsezkoa izan da gure udalerriaren historian; izan ere, ekonomia sektorearentzat traktorea izan da, enplegua, aberastasuna eta ezagutza sortuz, eta espero dugu etorkizunean ere hala izatea.

7.- Dei egiten diegu herritarrei parte har dezaten langileek enpleguaren eta industria jardueraren jarraipenaren alde egiten dituzten mobilizazio guztietan. Ildo horretan, herritarrei eskatu nahi diegu urriaren 10ean, 18:30ean, egingo den manifestazioan parte har dezatela. La Navaletik aterako da manifestazioa, eta udaletxean amaitu.

 

Sestao, 2018ko urriaren 8a

 

Ainhoa Basabe Meléndez

EAJ-PNVko ordezko bozeramailea

David Salso de Domingo

PSE-EEko bozeramailea

Soraya Pereira Freire

Sestao Bai Ahal Da-ko bozeramailea

Mikel Aingeru Izquierdo del Pino

EH Bilduko bozeramailea

Eduardo Andrés Ricoy

Partido Popularreko bozeramailea

Josu Bergara López

Alkatea

Adierazpen instituzionala (PDF 55,1KB)