Albisteak

 

Igandean, ekainak 3, 33. Amador Palma Krosa izango da, Aurrerantz Atletismo Taldeak antolatutako kirol proba beteranoa eta Sestaoko Udal Kirol Zerbitzuaren laguntza eta zenbait enpresa pribaturen babesa izango du. Proba honek izaera herrikoia du eta korrikalari afizionatu zein atletismoa praktikatzen duten haurrentzako da. Antolatzaileek espero dute parte-hartzaile kopurua, kategoria guztiak kontuan hartuta, 600 eta 700 lagunekoa izatea.

Krosa osatzen duten probak goizeko 10ak eta arratsaldeko ordu bata bitartean izango dira. Senior kategoriekin hasiko da, hiri barruko bost kilometroko luzera duen zirkuituari bi buelta emanez. Jarraian beheragoko kategoriek parte hartuko dute. Kasu honetan, kadeteek 1.800 metroko zirkuitua egingo dute, kimuek 900 metrokoa, benjaminek 600 metrokoa, benjamin-aurrekoek 300 metrokoa eta chupete kategoriakoek 100 metrokoa. Chupete lasterketa da hain zuzen ere kros honetan deigarriena, izan ere adin gutxiko haur ugarik parte hartzen baitu, 2017an, 300 haurrek hartu zuen parte eta aurten ere kopuru horretara heltzea espero da.

Izena emateko epea zabalik egongo da ekainaren 2ko arratsaldeko 8ak arte eta www.kirolprobak.com web orrian edo Deportes Copy Sestao dendan egin daiteke. Beheko kategorietan parte hartzea doakoa da eta seniorrek 3 euro ordaindu behar dute.

Iaz Amador Palma Krosak Elikagaien Bankuarekin kolaboratu bazuen, aurtengo edizioan Stop Accidentes Fundazioarekin egingo du. Entitate honek stand bat jarriko du kros egunean bere jarduera eta mezua zabaltzeko eta txapak banatuko ditu haurren artean.

Igandean, ekainak 3, 80 boluntariok lan egingo dute proba behar bezala atera dadin. Udaltzaingoak ere laguntza eskainiko die antolatzaileei trafikoa zuzentzen.