Albisteak

 

Udalak berriro ekin dio zerbitzu honi alkoholaren, tabakoaren eta drogen kontrako jarduketak bultzatzeko helburuarekin eta herritarrak sare sozialek eta ludopatiak dituzten arriskuetatik prebenitzeko 

Sestaoko Udalak adikzioak eta droga-mendekotasuna prebenitzeko lan programa integrala jarri du abian; programa Edex Fundazioak kudeatuko du eta horretarako 12.000 euroko aurrekontua duen urte beteko kontratua adjudikatu zaio.

Badira bost urte, Gizarte Ekintza eta Adinekoak arloak, gai honetan udal politikak bultzatzeko teknikariaren kontratua amaitu zelako, zerbitzu hau eskaintzeari utzi ziola.

Harrezkero, gobernu taldeak beti izan du kontuan proiektu hau berreskuratu egin behar zela Gizarte Ekintza eta Adinekoen arloak herritarrei ematen dien laguntza soziala sendotzeko helburuz.

Gobernu Taldeak, 2018ko aurrekontuen negoziaketan, talde politiko guztien zuzenketak onartu zituen eta EH Bildu udal taldeak droga-mendekotasunaren prebentziorako programa bat funtzionatzen jartzeari buruz egindako zuzenketa onartu zen.

Flori Núñez Gizarte Ekintza eta Adinekoak ataleko zinegotzi ordezkaria pozik agertu da proiektu hau berreskuratu delako eta adierazi du zerbitzu hau “beharrezkoa” dela, “herritarrei informazioa eman eta hauek ohartarazi behar ditugulako adikzioek eta droga-mendekotasunak dituzten arriskuez, bai jasaten dituztenentzat eta baita komunitatearentzat ere”.

Onartu den proiektuak, 2018 urtean zehar burutuko denak, adin guztietako pertsonekin lan egiteko estrategia planteatzen du eta tokiko hainbat esparrutan garatuko da: eskola, familia eta komunitate osoan.

Helburua arriskugarriak izan daitezkeen portaerei heltzea da, hala nola, alkohola eta drogen gehiegizko kontsumoa edo sare sozial eta jokoekiko adikzioa. Programaren asmo orokorra haurrak, nerabeak, gazteak eta helduak adierazitako jokaeren aurrean ahalduntzea da euren erabakiak informatuta, era autonomoan eta arduraz hartzeko gaitasuna hobetuz.