Albisteak

 

Bi administrazioen asmoa erabilgarri dauden polizia-baliabideak optimizatzea da, herritarrei zerbitzu hobea emateko

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Sestaoko Udalak oinarrizko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetzarako eta koordinaziorako prozedurak eta bideak arautzeko, eta helburua du lurraldean erabilgarri dauden polizia-baliabideak optimizatzea eta herritarrek segurtasun publikoaren arloan dituzten premiei erantzun hobea ematea.

Aurtengo urtarrilean polizia-lankidetzarako eta -koordinaziorako esparru egonkor bat ezartzeko akordioa sinatu zuten Segurtasun Sailak eta Eudel – Euskadiko Udalen Elkarteak akordioari borondatez atxikitzen zaizkion euskal udalentzat, eta hitzarmen hau akordio hartatik sortu da.

Hitzarmenaren bidez lankidetzarako mekanismoak eguneratu nahi dira orain arteko esperientzia eta azken urteotan egin diren lege-aldaketak kontuan hartuta, udaltzaingoen arteko koordinazioaren arloan egin diren lanei jarraipena emanez eta aldebiko hitzarmen edo akordio espezifikoak izenpetzea ahalbidetuz.

Agirian gogoratzen da legean aurreikusten dela polizia-koordinaziorako batzordeen figura sortzea eta polizia-lankidetzarako hitzarmenak sinatzea. Bestalde, adierazten da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzarako tresnen beharra hainbat faktoreren ondorio dela, hala nola, batak zein besteak egin beharreko funtzioak edo funtzio partekatuak egotearen ondorio, lurraldean eginiko funtzio batzuk elkarren osagarri izatearen ondorio,  berezko eskumenak gauzatzeak lurraldetik kanpo ere eragina izan ahal izatearen ondorio eta lurraldean dauden polizia-baliabideak optimizatzeko aukeraren ondorio.

Gaur berretsi den hitzarmenean polizia-dispositibo eta -operazioetan batera jarduteko protokoloak edo planak prestatu ahal izateko aukera ere jaso da, polizia-eraginkortasun handiagoa lortzeko bi polizia-kidegoetako agenteen lankidetza beharrezkoa denean.

Agirian jaso da, era berean, delituei aurrea hartzeko eta herritarren segurtasuna hobetzeko informazio erabilgarria emango diotela elkarri erregulartasunez bi polizia-kidegoek.

Laburbilduta, bi kidegoen arteko lan-harremanak arautuko dituen agiria da, helburutzat hartuta herritarrei behar bezalako zerbitzua ematea.

Hitzarmena behar bezala gauzatuko dela zaintzeko lau kideko jarraipen-batzorde misto bat eratu da, bi Segurtasun Sailaren ordezkariak izango dira eta beste biak Udalaren ordezkariak, eta urtero elkartuko da. Batzordearen lana izango da hitzarmena interpretatzean sortzen diren zalantzak argitzea, hitzarmena betetzean sor daitezkeen desadostasunak ebaztea, hitzarmena nola doan aztertzea eta, hala badagokio, hobekuntzak egiteko proposamenak egitea.

Eudel – Euskadiko Udalen Elkartearekin oinarrizko hitzarmena sinatu zenetik Segurtasun Sailak Barakaldoko, Leioako, Lekeitioko eta Ortuellako udalekin izenpetu ditu hitzarmenak.