Albisteak

 

Sestaoko birgaitze urbanistikoa egiteko prozesuak beste urrats bat eman du proiektu berri bat abian jarrita, proiektu horren bidez Juan Crisóstomo Arriaga, Los Baños, La Bariega, Autonomía eta Txabarri kaleetan kokatu dauden 14 etxebizitza eraikinen fatxadak eta estalkiak eraberrituko dira. Eusko Jaurlaritzak eta Sestaoko Udalak erdi bana sustatutako Sestao Berri elkarte publikoak du obra hauek zuzentzeko ardura; obrak apirilaren 5ean hasi dira eta 2019ko martxora arte luzatuko dira horretarako 3,3 milioi euroko inbertsioa egin delarik.

Jarduketa hau eragin positiboa izango du 184 etxebizitza, 206 garaje, 80 traste-gela eta 23 lojetan. Operazio honen barruan dauden 184 etxebizitzatatik 109 Udalaren jabetzakoak dira, 29 Eusko Jaurlaritzarenak eta 46 titularitate pribatukoak.

Proiektu honen helburu nagusia eraikin horien kanpoaldea hobetzea da eraginkortasun energetiko handiago lortzeko. Horretarako, kasu batzuetan kanporako isolamendu termiko sistema (KITS) erabiliko da eta beste batzuetan erakinean fatxada aireztatua jarriko da.

Zehatzago esanda, KITS sistema Los Baños kaleko 22. eta 24. zenbakietan, Autonomía kaleko 21. zenbakian eta La Bariega kaleko 2. zenbakian erabiliko da. Lehen Patronatoa zen etxadiari dagokionean, etxadi hau Txabarri kaleko 19., 21. eta 23. atariek, Autonomía kaleko 22. eta 24. atariek, Los Baños kaleko 59., 61. eta 63. atariek eta Juan Crisóstomo Arriaga kaleko 15. eta 17. atariek osatzen dute, kanpoaldean fatxada aireztatua jarriko da eta barruko patioan KITS sistema.

Proiektu hau finantzatzeko behar diren 3,3 milioi euroak entitate publikoek eta jabe pribatuek jarriko dituzte. Horrela bada, Udalak 1.546.000 euro jarriko ditu, Eusko Jaurlaritzak 524.000 euro, jabe pribatuek 786.000 euro, garajeen komunitateek 308.000 euro, Bilboko Elizbarrutiak 110.000 euro eta banketxe batek 64.000 euro.

Hala eta guztiz ere, Sestao Berrik Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutura (IDA) jo du gutxi gorabehera 80.000 eurora iritsiko den diru-laguntza eskatzeko. Era berean, Europar Batasunak, EU-GUGLE proiektuaren bitartez, 700.000 euro inguruko diru-laguntza jarriko du. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat lortzea espero da, bai komunitateentzat eta baita jabe pribatuentzat ere, eta era horretan eraberritzea egiteko etxebizitza bakoitzak jarri beharreko kopurua 9.000 eta 15.000 euro bitartekoa izango da.

Garrantzitsua da azpimarratzea, obra honen bidez, etorkizunean etxebizitza hauetan, Vicente Díez Parkearen azpian instalatuko den biomasa galdara baten bidez, ur beroa eta kalefakzio jartzeko hodiak instalatuko direla. Auzoko kalefakzio sistema honek egurrezko pellets-ak erreta funtzionatuko du eta Sestao Berri elkartea, dagoeneko instalazioa egiteko lizentziak egiten ari da.

Sestao Berri elkarteak eraberritze lanetan diharduten 16 enpresari eskatu zizkien eskaintzak, guztiei jakinaraziz euren aurrekontuetan hiru irizpide hartuko zirela kontuan: prezioa, partikularrei hilean 100 euro baino kuota handiagokoa ez den finantziazio baldintzak eskaintzea eta obran lan egiteko auzoko langabeak kontratatzea. Lehendabiziko galbahea egin ondoren hiru enpresa geratu ziren eta hauetan Andrasa izan zen garaile.