Albisteak

 

Egiten ari den obren bidez, Sestaoko Udalaren funtsezko helburuetako bat, hiri-ingurune atseginagoa eta hezi arkitektonikorik gabea sortzea da . Helburua herritarrentzako kale erosoak egitea da, baina bereziki mugikortasun-urria duten pertsonentzat, eta baita adinekoentzat ere, hauek Sestaoko biztanleen %25 baitira.

Lan ildo honi jarraituz, Sestaoko Udalak laster ekingo dio irisgarritasuna hobetzeko bost obrari, udalerriko beste hainbat gunetan. Obrak eta Hiri-bideak arloak obra hauen egikaritzea esleitu du 152.000 eurotan. Horiek guztiak egikaritzeko epea hiru eta lau aste bitartekoa da. 

Honako hauek dira burutuko diren obrak:

1- Albiz Ikastetxe Publikorako sarbidea hobetzea, Félix María Samaniego, Blas de Otero eta Ramón y Cajal batzen diren lekutik

Ikastetxearen ondoan ia metro erdiko harrizko horma batez inguratutako lorategia dago. Lorategi hau harrizko losazko bide batek zeharkatzen du; bide honek Ramón y Cajal kaleko 14. ataria eta ikastetxeko sarrera lotzen ditu, baina erabiltzeko beharrezkoa da maila tramu sendoak gainditzea. Aipatu lorategia, azken batean, oinezkoak ikastetxera sartzeko traba bat besterik ez da, inguratu eta ibilgailuentzako arrapala erabili delako ikastetxeko sarrerara iristeko. Era berean, oinezkoen pasabidean askotan egoten dira behar ez bezala aparkatuta ibilgailuak .

Puntu honetan lorategiaren zati bat desegiteko asmoa dago, eta hiru parterre jasoak egitea orain dagoen triangeluaren ertzetan. Era horretan ikastetxera sartzeko arrapalarekin dagoen kota aldea konponduko duen plazatxoa geratuko da eta ikastetxearen erabiltzaile eta egoiliarrak egoteko, itxaroteko eta jolasteko balio izango du.

Bestalde, espaloia oinezkoen pasabidearen mailan jarriko da, ibilgailuek aparkatzea saihestu eta neurri batean puntu horretan trafikoaren abiadura moteltzeko.

2- Félix María Samaniego eta Galindo Bideko bidegurutzea

Félix Samaniego eta Galindo Bidea arteko bidegurutzean, ibilgailuen noranzkoan, ezkerraldean, espaloia ez dago errepidearen mailara beheratuta oinezkoen pasabideetan, eta era berean ez dago seinaleztapen podotaktilik ere. Gainera, oinezkoen pasabidean askotan egoten dira behar ez bezala aparkatuta ibilgailuak.

Bidegurutzean espaloia luzatzeko asmoa dago, era horretan behar ez bezala aparkatzea saihesteko eta baita, espaloian baldosa podotaktilak jarriz, seinaleztapen egokia egiteko ere. Espaloiaren zintarria, erretena eta zoladura berria jarriko dira, inguruan oraintsu egin diren obretan egin den antzera, eta oinezkoen pasabideetako markak berrituko dira. 

3- Amézaga Bidea eta San Pedro Plazaren arteko bidegurutzea

Amézaga Bidea eta San Pedro Plazaren artek gunean, espaloi zati baten, alde bietan, ez dago oinezkoen pasabidearen mailan jarrita, eta ezta baldosa podotaktilik ere. Obra, aurrekoan egindako baldintzetan egiteko asmoa dago: espaloia luzatu, baldosa podotaktila jarri, eta zoladura eta bide-markak berritu. Obra amaitzeko zonaldeko argiztapena hobetzeko, batez ere oinezkoen pasabideetakoa, bi farola jarriko dira.  Asfaltoa eta bide-markak ere berrituko dira.

4- Bide Nagusia eta Antonio Machado kaleen arteko bidegurutzea

Bide Nagusia kaleko 24.zenbakiaren parean, espaloia ez dago errepidearen mailara beheratuta, eta baldosa podotaktilik ere ez dago. Gainera, askotan egoten da ibilgailu asko behar ez bezala aparkatuta oinezkoen pasabidean traba eginez. Bidegurutzean espaloia luzatzeko asmoa dago, era horretan behar ez bezala aparkatzea saihesteko eta baita, espaloian baldosa podotaktilak jarriz, seinaleztapen egokia egiteko ere. Horretaz aparte, espaloiaren zintarria, erretena eta zoladura berria jarriko dira, inguruan oraintsu egin diren obretan egin den antzera, eta oinezkoen pasabideetako markak berrituko dira. Obrarekin amaitzeko farola bat jarriko da oinezkoen pasabidearen ondoan.

5- Bide Nagusia eta Marcos Grijalvo kaleen arteko bidegurutzea

Bide Nagusi eta Marcos Grijalvo kaleen arteko bidegurutzeko espaloian eskailera zati bat dago, pasabide alternatiborik ez duena. Era berean, askotan egoten dira behar ez bezala aparkatuta ibilgailuak oinezkoen pasabidean. Obra, aurrekoan egindako baldintzetan egiteko asmoa dago: eskailerei ibilbide alternatiboa eman (arrapala bidez), baldosa podotaktila jarri, eta zoladura eta bide-markak berritu. Obrarekin amaitzeko eskailera zatian altzairu-erdoilgaitzezko baranda bat jarriko da.