Albisteak

 

Sestao Kirolak, Sestaoko Udaleko Udal kirol zerbitzua, kiroltxartela programaren barruan sartuko da datorren urrian.

Kiroltxartela Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duten proiektua da, parte hartzen duten udalerrien lankidetzarekin eta bere helburua baliabide publikoak hobetu eta herritarrentzako kirol eskaintza zabaltzea da. Praktikan, “txartel birtuala” da, udaleko kirol instalazioen erabiltzaileei aukera ematen die programaren barruan dauden udalerrietako kirol instalazioetara sartzen eta bertako abonatuek dituzten baldintza beretan.

Lehen fasean, 2017ko urtarrila eta ekaina bitartean garatu den fase pilotuan, kiroltxartela programa Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena eta Abanto Zierbena udalerrietan erabili izan da.

Lehenengo proba hau amaituta, eta proiektuari bultzada berria emateko asmoz, datozen asteotan, beste udalerri batzuk sartuko dira programan, eta horien artean dago Sestao. Era horretan, urteko abonua duten erabiltzaileek gainerako udalerritako zerbitzuak erabili ahal izango dituzte, eta alderantziz, gainerako udalerrietako erabiltzaileek Sestao Kirolak dituen zerbitzuak erabiltzeko aukera izango dute.

Horrela bada, kiroltxartela kirol instalazio multzo bat erabiltzeko abonu bakarra izango da, doakoa edo abonatuak ordaintzen diru kopuru bera ordainduta, erabili nahi duten baliabidearen arabera.

Kiroltxartela doako zerbitzua da udal kirol instalazioetako erabiltzaile guztientzat eta nahikoa da Internet sarbidea duen aparailu mugikorra izatea aplikazioa jaisteko; Aplikazioa iPhone eta Android bezalako plataformetan duzue eskuragarri, eta euskara eta gaztelania bi hizkuntza ofizialetan.

Aplikazio mugikorrean instalatu ondoren, erregistratu egin behar da datu pertsonalak emanda eta balidatzen denean jakinarazpena jasoko duzu. Kiroltxartela erabiltzeko beharrezkoa izango da txartel digitala NAN-arekin batera erakustea erabili nahi den kirol instalazioan sartzeko.

Gorka Álvarez Euskara eta Kirolak arloko zinegotziak, Sestao proiektu honetan sartzeri egoki iritzi dio.  “Sestao Kirolak zerbitzutik beti ari gara erabiltzaileei ematen diegun zerbitzu eskaintza hobetzeko lanean, eta kasu honetan, zer hobe erabiltzaileen eskura kiroldegi sare zabala jartzea baino, guztiak eskualdearen barruan eta euren beharrizanen arabera erabiltzeko aukerarekin”.