Albisteak

 

Sestaoko Merkatarien Elkarteak, Udalaren laguntzarekin, Gozatu Sestao kanpaina 2017 antolatuko du; ekimen honekin merkataritza eta ostalaritza sustatu nahi dira eta maiatzaren 26, 27 eta 28an hainbat jarduera egin. Aurreko edizioan izandako arrakasta ikusita -egiten zen aurrenekoa- entitate biak elkarlanean ari dira berriro ere tokiko merkataritza sustatzeko kanpainan, udaberriko eguraldi ona probestuz tokiko merkataritzak dituen alderdi onak bultzatuz eta familia osoarentzat eta zehatzago, erosketa egun berezia eta ezberdina izan nahi duenarentzat, aisialdirako eta dibertitzeko jarduera programa zabala eskainiz.

Aurten 71 saltokik, sektore ezberdinetakoak eta udalerriko gune askotakoak, hartuko dute parte Gozatu Sestao kanpainan. Aurreikusitako jardueren artean, aurrenetako bat "saltoki irekiak" jardunaldia izango da; honetan saltokien ordutegia luzatu egingo da negozioek duten produktuen eskaintza ugaria ezagutzera emateko. Horrela, maiatzaren 26an, ostirala, saltokiak irekita egongo dira 22:00ak arte eta maiatzaren 27an, larunbata, egun osoan egongo dira zabalik 20:00ak arte.

Gainera eta saltokiak zuzen identifikatu ahal izateko, tapizak jarriko dira kanpoaldean eta kartelak erakusleihoetan, bezeroei establezimenduetan sartzeko gonbidapena egiteko.

Era berean, kanpainak dirauen bitartean, zuzenean eta doan, tokiko merkataritza protagonista izango duen eta Sestaon erosteko gonbitea eginez diseinu polit bat eta berrerabilgarria den poltsa bat oparituko da. Guztira 1.500 ale egongo dira eta bukatu arte banatuko dira.

Kaleak girotzeko eta jendea kalera atera eta Sestaoko merkataritza zerbitzuak ezagutarazteko asmoz aisialdirako jarduera programa sendo bat egongo da. Larunbatean, hilak 27, esaterako, gaueko 20:30ean hiriko moda desfilea ospatuko da Kasko Plazan eta bertan hogeita hamarren bat saltokik salgai dituzten artikuluak aurkeztuko dizkiete herritarrei.

Zuzeneko musika ere programaren atal garrantzitsua izango da; ostiral eta larunbat gauean kaleko kontzertuak izango dira honako toki hauetan: Vicente Blasco Ibáñez, Iparragirre, Manuel Andrés, Villar y Villate, Plaza del Orfeón, San Diego, Los Baños eta Plaza Conde Balmaseda kaleetan. Eta honako musika talde hauek parte hartuko dute: Mr. Neken, Samoah, El Engendro Musical, Flamenkito de Barrio, Folketan, Confluence, Blanco y Negro, Kaotic Lovers eta, azkenik, Keep Calm.

Dibertitzeko beste aukera bat eskaini eta udalerrira bisitariak erakartzeko asmoz, larunbatean, maiatzak 27, ehun metroko uretako bi txirrista jarriko dira, bata Galindo Bidean eta bestea Kale Nagusian.

 Sestaon bizi eta adinez nagusiak diren guztiek, edo ekimen hau dela eta udalerrira datozen guztiek, atxikita dauden saltokiek, 3000 euroko balioarekin, banatuko dituzten eta truka daitezkeen erosketa-baleak eskuratzeko selfi lehiaketa batean parte hartu ahal izango dute. Parte hartzeko, interesatuek whtsapp bidez bidali beharko dituzte argazkiak antolatzaileek adierazitako zenbakira. Auto-erretratuak edo hirugarrenei egindako argazkiak izan beharko dira, banakakoak zein taldekoak, mugikorrez eginak eta saltoa egin aurreko momentuan atereak. Era berean, izena eman eta zero puntuan dagoen photocall-aren kontrola egiten duten koadrilek ere erosketa-baleak lortzeko lehiaketan parte hartu ahal izango dute.

Programa bestelako zenbait jarduerarekin osatuko da; jarduera hauek ere merkataritza gunea animatu eta jendea kalean dagoen bitartean entretenitzeko helburua dute. Horrela bada, ostiral arratsaldean, 20:00etan, Udaletxetik hurbilen dagoen Bide Nagusiaren zati bat moztu egingo da RUTA 666 espezialistak eskainiko duen moto akrobazia ikuskizunaz gozatzeko. Bestalde, igande goizean, 12:00etan, trial indoor erakustaldia egongo da San Pedro Plazan. Eta kanpainari amaiera emateko, igandean, 13:30ean, Kasko Plazan, selfi lehiaketako irabazleen sari-banaketa egingo da.

Kanpainaren informazio guztia eskuragarri egongo da www.gozatusestao.com web orrian eta Udalaren www.sestao.eus web orrian.