Albisteak

 

Udalak La Iberia kaleko behealdeko azterketa soziala eta urbanistikoa egiten ari da degradatutako bizitegi area izendapena eskatu eta Administrazioak eraberritzeko babes jarduketak egin ditzala lortzeko

Sestaoko Udala lehen urratsak ematen hasi da, etorkizunean, La Iberia kaleko behealdearen eraberritze urbanistikoari ekiteko. Zehatz esanda, Hirigintza, Etxebizitza, Zerbitzuak eta Ingurumena arloa, pasa den astean hasita, azterketa soziala eta urbanistikoa egiten ari da eta azterketa horrek jarduketa-eremu horren gaineko informazio interesgarria emango du. Txosten hau Eusko Jaurlaritzan aurkeztuko da Degradatutako Bizitegi Area izenda dezatela lortzeko; horrela area horren barruan eraikita dagoen hirigintza ondarea babestu, kontserbatu edo hobetzeko  jarduketa berezia izango luke Administrazioaren aldetik.

Tokiko Gobernuak La Iberia kaleko behealdeari eman nahi dion tratamendua gaur egun Txabarri-El Sol BAI-n (Birgaitze Area Integrala) ematen ari den antzekoa da. Hau da, baliabide publiko eta pribatuen batuketak, ikuspuntu sozial eta urbanistikotik, auzoa hobetzen lagun dezala.

Hobetu nahi den area Txabarri kaletik Bilbo-Santurtzi trenbidea baino harago doa. Guztira 18 etxebizitza eraikin hartzen ditu eta aholkularitza enpresa auzokideen artean galdeketa bat egiten ari da intereseko zenbait datu jasotzeko.

Aurreko etapa honetan, azterketa sozio-ekonomikoa egiteak area honek ekonomia, gizarte, hirigintza-arkitektura arloan dituen degradazio baldintzei buruzko informazioa jasotzea ekarriko du, eta ondorioz baliteke area hau Degradatutako Bizitegi Areatzat hartu eta izendapen hori ematea. Horrela bada, Udalak kontratatutako enpresak etxebizitzan bizi den pertsona kopurua, adina, ikasketa maila, lan-egoera, eta diru-sarrerei buruzko informazioa jasoko du. Etxebizitzei dagokionean, azalera, antzinatasuna, irisgarritasuna, etxebizitzaren egoera, eraberritze lanik egin den eta elementu komunen mantenuari buruz galdetuko dute.

Azterketa hau egiteko, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Etxebizitza Sailburuordeak 21.659 euroko diru-laguntza eman dio Udalari, eta diru-laguntza horrekin azterketaren kostuaren %80 ordaindu ahal izango du. Gainera, 3.025 euroko beste diru-laguntza bat eman du jasotze topografikoa egiteko.  Azterketa ekainaren bukaera aldera amaituta egongo da eta orduan Udalak Eusko Jaurlaritzara joko du dituen emaitzekin, eremu hau Degradatutako Bizitegi Area izenda dadin lortzeko.

Hori lortzen badu, tokiko gobernuak posible izango luke plangintza berezi bat idaztea eremu horretan eraberritze jarduketak egin ahal izateko eta eremuaren birgaitzeari ekiteko laguntza-publikoak lortzeko.

La Iberia Behekoaren etorkizuneko birgaitzea, Udalak herriaren behealdea hobetzeko plangintzaren barruan duen erronka berri bat da. Plan horien barruan daude Txabarri-El Soleko BAI garatzea eta Vega-Galindoko hirigintza proiektua.