Albisteak

 

Sestao Kirola, Sestaoko Udaleko Udal Kirol Zerbitzua, kirol instalazioetan sartzeko txartel berria banatzen hasi da bere abonatuen artean, txartelaren diseinua erabat aldatu baita iazko urte bukaeran herritarren parte-hartze prozesu txiki baten ondoren.

Horrela bada, azaroaren bukaeraren eta abenduaren hasieraren artean, Sestao Kirolak zerbitzuaren 7.514 bazkideek aukera izan zuten helburu horrekin aukeratu ziren bost proposamenen artean gehien gustatzen zitzaiena bozkatzeko. Guztira 534 pertsonak parte hartu zuten eta emaitza argia eta erabatekoa izan zen, aukeretako batek % 47 boto lortu baitzituen, eta era horretan txartel berrien irudi berria bihurtu.

Parte hartzaileen %49k Las LLanas Kiroldegian eman zuen bozka, %34,8k La Benedicta Kiroldegian eta gainerako %16k modu telematikoan www.sestao.eus. web orriaren bidez.

Orain arte Udal kiroldegietan sartzeko erabili den txartela 2005eko urrian ezarri zen. Harrezkero hamaika urte pasatu dira eta Kirol arloak egoki iritzi zion berritzea “azken hilabeteotan kirol instalazioak esperimentatzen ari diren irudi aldaketarekin bat. Garai berriei dagokien irudia”, azaldu du Gorka Álvarez Kultura, Euskara eta Kirolak arloko zinegotziak.

Udal Kirol Zerbitzuak espero du datozen asteotan amaituta egotea txartel berria ezartzeko prozesua. Udalak orain arte itxaron badu oraindik ere aurreko txartelak geratzen zirelako eta horiek amaitzea nahi zuelako izan da. Aldaketa honek ez dio inolako gasturik ekarri Udalari, izan ere urtero erosten dira txartel berriak sortzen diren beharrei erantzuteko eta urteko kopuru ekonomiko hori aurreko ekitaldietako bera da.