Albisteak

 

Sestaoko Udalak, abenduaren 27an ospatu zuen Osoko Bilkuran, emakume eta gizonen arteko hirugarren Berdintasun Plana onartu zuen. Plan hau dokumentu oinarria eta garrantzitsuena da Udalarentzat, izan ere berdintasunaren arloan udaleko edozein departamentuk sustatu nahi duen edozein ekintzari ekiteko erreferentzia izango da. Txosten honek lau urteko indarraldia izango du, 2017tik 2020ra, eta indarraldi horretan berdintasunaren arloan burutu beharreko estrategia, helburu eta ekintzak jasotzen ditu.

Berdintasun plan hau lau urteko lanaren emaitza da; hasera batean egoeraren diagnostikoa gauzatu zen eta horren emaitza izan da plana idazteko oinarria.  Lan hau izaera parte-hartzailea kontuan hartuta egin da eta politikoek, teknikoek eta Udaletik kanpoko jendeak, hezkuntza zentroek, Berdintasun arloarekin koordinatzen diren elkarte eta entitateek, eta Sestaoko herritarrek parte hartu dute.

Plana gauzatzeko Emakunderen VI Berdintasun Planak emandako irizpideak hartu dira kontuan. Izan ere, onartu aurretik, azken testua erakunde horri igorri zaio, honek aldeko irizpena eta 10.456,67 euroko diru-laguntza eman du eta horrek, egindako lanaren zati garrantzitsua ordaintzeko balio izan du, guztira 13.942,23 euroko kostua izan baitu.

Planaren lehen zatiak berdintasunerako helburuak eta gobernamendu arloko ekintzak jasotzen ditu, helburu eta ekintza hauek udaleko atal guztiei zuzenduak daudelarik. Udalaren jardueran genero ikuspegia txertatzearekin zerikusia duten kontuak dira, esaterako, hizkuntza ez-sexistaren erabilera, datuak sexua bereiziz jasotzea, diru-laguntzetan eta kontratuetan berdintasun irizpideak jasotzea, eta genero ikuspegia politika guztietan sartzea.

Ondoren hiru esku-hartze  ardatz daude, bat emakumeen jabetzarekin lotuta dago, beste bat erantzukizun partekatuarekin eta ingurune bateratzailearekin eta hirugarrena indarkeria matxista ezabatzearekin.

Garrantzitsua da kontuan hartzea berdintasun plana Berdintasun arloak burutu duela, hori baita berdintasun politikak sustatzeko ardura duen udaleko atala. Hala ere, Udalaren gainerako atalak inplikatzen dituzten helburuak eta ekintzak jasotzen dira, bereziki gobernamenduarekin zerikusia dutenak. Hau da, Kirolak, Gazteria, Kultura, Urbanismoa, Enplegua edo Behargintza bezalako atalek ere euren ardura izango dute planaren garapenean.

Hemendik aurrera lan-talde bat eratu behar da, Udalaren barruan helburu eta ekintza horien ardura duten ataletako langileekin eta talde horrek izango du plana abian jartzeko ardura. Talde honek urteko plangintza gauzatuko du, behar diren ekintzak inplementatuko ditu eta urte bakoitzaren amaieran, egindako lanaren ebaluazioa egingo du.