Albisteak

 

Sestaoko Udala tailer berriak ematen ari da Kuetoko gizarte zentroan adineko emakumeentzat. Bi aktibitate hauek Udalak emakumeak ahalduntzeko daraman estrategiaren barruan daude eta bi helburu lortu nahi dituzte herritarren kolektibo honetan, osasuna sustatzea eta gaixotasunen prebentzioa hain zuzen ere. Hori aurrera eramateko, Udaleko Berdintasuna, Gizarte Ekintza eta Adinekoak arloak elkarlanean ari dira herritarren bizi-kalitate hobe baten alde.

“Azken urteotan Berdintasun arloak Sestaoko zenbait talderekin lan egin du, baina inoiz ez dugu adineko emakumeentzako jarduera berezirik programatu" azaldu du Gizarte Ekintza eta Adinekoak arloko Flori Núñez zinegotziak, prentsaurrekoan. Hor sortu da bi jarduera hauek sustatzeko interesa “kolektibo honen beharrei erantzun bat emateko". “Bere gain ardura handiak hartzen ohituta dagoen kolektiboa eta beti eskaintzen duen esfortzua jasotzen ez duena”, gehitu du zinegotziak eta poza agertu du 40 pertsonak izena eman duten programa hauek sortu duten interesagatik.

Lehenengo tailerraren izena “Autozaintza eta bizitza kontzienteagoa izateko autoezagutza” da. Kasu honetan, parte-hartzaileek, parte-hartze dinamiken bidez, nor bere buruaz ondo sentitzeko zaintzari eta aisiari eman beharreko denborak duen garrantziari ekiten diote. Gai hau oso garrantzitsua da adineko emakumeen kasuan, besteei emanak bizitzen ohituta daudelako, bizitza osoan seme-alabak, senarra eta gurasoak zaintzeko ardura izan dutelako. Taldeak bizitzan zehar bete duten rol horren inguruko hausnarketa egiten du eta euren buruaz pentsatzeak duen garrantziaz hitz egiten du eta une askotan bai fisikoki eta baita emozionalki ere ondo sentitzeari lehentasuna emateaz.

Bigarren tailerraren izena, Kuetoko gizarte zentroan burutzen ari dena, “Krisiaren osatzeko ahalmena: dolua eta galerak" da eta garrantzia duen pertsona baten heriotzaren ondorengo prozesu naturala lantzen du. Dolua galdu den pertsonaren garrantziaren arabera aldatzen den prozesua da, eta horregatik hain zuzen ere, luzeagoa edo laburragoa eta mingarria edota ez hain mingarria izango da, egoera berrira egokitzeko kapazitatearen araberakoa alegia.

Ikastaro honetan parte hartzen duten gehienak euren senarraren galera bizi eta horren ondorioz krisi pertsonala jasan duten alargunak dira. Tailerrean maite izan duten pertsonaren galeraz hitz egin dezaten bilatzen da, barrena hustu eta haien kideen laguntza dutela senti dezaten.

Tailer hauek azaroan hasi ziren eta abenduaren 16ra arte luzatu dira.