Albisteak

 

Sestaoko Udalak lankidetza-hitzarmena izenpetu du Gogoan Sestao elkartearekin, gutxieneko egonkortasun finantzarioa bermatuta bere jarduera-programa gauzatu ahal izan dezan.

Gogoan Sestao elkartea 2012. urtearen hondarrean sortu zen, eta, besteak beste, hauek ditu helburuak: memoria historikoa berreskuratzea, egia historikoa bilatu eta zabaltzea, justizia ezartzea, eta frankismoaren krimenak eta giza eskubideen beste zapalketa guztiak errepara daitezela eskatzea.

Udalerriko alkate Josu Bergarak eta Gogoan-eko presidentea den Armando Higuerak sinatutako hitzarmenaren arabera, Udalak 8.000 euroko diru-laguntza emango dio erakundeari bere jarduerak gauzatu ditzan.

Zenbateko horrekin, erakundeak hiru ekintza finantzatuko ditu 2016 honetan. Lehen ekintzan, liburu batean bilduko dira Sestaon 2015ean egin ziren Memoria Historikoari buruzko Jardunaldietan jasotako lekukotzak. Jardunaldiok Estatuaren Indarkeria izan zuten gai nagusia. Hitzarmenaren ondorioz finantzatuko den bigarren jardueran, dokumental bat egingo da, Oroimena duen herria II izenekoa. Hirugarren ekintzan, azkenik, memoria historikoari buruzko seigarren jardunaldiak egingo dira. Aurtengo izenburua Bakearen aldeko hezkuntza izango da.

Prentsaurrekoaren bideoa ikusi